OIHANEKO UR BIDEA

Hor gaude Mariano, Ulysses eta hirurok, hiladan, gosariaren zain. Olo-zopa eta lau gaileta banatzen ari dira. Berdin zait, haragi zopa izan ezik denetarik jaten baitut, atsegin handiz. Izan ere, janaria oso eskasa da, eta normalean arroza, platanoak eta haragi puska batekin konformatu behar izaten dugu. Saldak atzera egiten dit, sukaldariak beti hezur puska ezin handiagoa botatzen baitio. Higuina sortarazten dit behi baten hankaren hezur puska handia platerran ikusteak. Bestela, erraz konformatzekoa naiz.


Itsasuntzian uneoro daukat gose sentsazioa. Obsesioa bilakatu da kasik.

Sukaldariek keinu eta itxura femeninoak dituzte eta atzerritarroi oso tratu ona ematen digute. Gure lagun polizonari ere jatekoa musutruk banatzen diote, txartelik erakutsi beharrik gabe. Behin baino gehiagotan berandu iritsi gara jatordura eta eurendako prestatzen duten janaria bera eskaini digute. Sukaldari batek 40 urte inguru ditu, potoloa da eta uste handiko emakume baten legera mugitzen da. Laguntzailea 25-30 urte bitartekoa da, eta zaila da zinez bere sexua zein den erabakitzea. Hermafrodita?


Gure hamakak dauden aretoan bertan beste travesti bat dago. Ile apaintzailea da, beltzarana, eta bidaiariei ilea moztuz eskuratzen ditu sosak. Begirada tristea dauka eta bankuan eserita ematen du denbora, ohianari begira.

Inoiz, gure ondoan dagoen ile tindatutako zahar batek, Iquitosera 6 motokarro daramatzanak, denbora gehiena Leticiako putetxeetaz hitzegiten dabilen gizon zahar batek, iseka egiten dio travestiari. Ni, baina, ziur nago 6 motokarroak salduko lituzkeela ile-apaintzaile beltzaranarekin oheratzearren. Nolabait, bere gizontasuna erakutsi beharrean dago, jendeak beronek babesten dituen izkutuko asmoak iragarri ez ditzan.


Iquitosera gerturatzen ari garen einean itsasuntzia hustuz doa. Goikaldean gehienek ezagutzen dugu elkar. Bada, adibidez, gorra eta betaurrekoak daramatzan peruar ttiki bat. Ez daki ixilik egoten. Gai guztiak ditu mintzagai, eta goikaldeko bidaiariak asper-asper eginda gaude. Peruar ttiki honek Pucallpan erositako rifle bat darama  poltsan. Goizeko lehenengo ordutan, ahoa ezin itxi dabilenean, batek baino gehiagok bere aurka erabiliko zuen poltsatik irteten den arma: Marañon ibaiaren ezaugarriak, kaimanak, tribuak, Chiclayo, Puno, Mercedes Benz, Suzuki (txalupen motorrak), Suzuki (kotxeak), Suzuki (abizen japoniarra).


Hitzontzi honen lagunik onena euskaldun bat da, hizlari aparta bera ere, Londresen Soviet Batasun ohiaren altzairua inportatzen dabilen bizkaitarra. Gazte bitxia da bilbotarra, bere burua asko maite duen horietarikoa. Hitzegiteko tenorean erakusten duen gaitasun mesianikoak peruar asko erakartzen ditu bere ingurura.

Bilbotarrak barkuan sartu den zahar bati bi loro erosi dizkio gaur goizean. Euskaldunak, fede onez, loroak berriz aske utzi nahi zituen . Tamalez, loroei, ehizatu eta berehala, mozten dizkiete hegalak.


Eta hor daude loroak, lepoa soka bati lotuta, burdin zutabe bati bueltak emanez eta platano puskak jaten. Neska japoniarrarekin doan inglesak zera leporatu dio bilbotarrari, zaharrari loro gehiago erosita ehizatzen jarraitzeko aitzakia eman diola. Loroek ez dute ezer esan. Ezin dute hegan egin, oraindik ez dute gizakien hizkuntza aski ongi menperatzen.

Ilea tindatua duen motokarro enpresako nagusiak, trabestiari iseka egiten dionak, bi loro erosi ditu ere bai. Horietariko bat gure ondoan lo egiten duen 13 urteko neskato bati oparitu dio. Neskatoari begira ematen ditu orduak gizon higuingarriak. Gaur, oparitutako loroarekin jostetan nabilela, neskatoarekin hitzegiteko aukera izan dut. Jehovako lekukoa dela esan dit, eta bere izeba bisitatzera doala, Iquitosera, eta sexua eta alkoholaren aurkako sermoi moduko bat bota dit, nik deus galdetu gabe.
Gure polizoia, Kenny, kinka larrian dago. Tabernako nagusiak, Kennyren lagunminaren aitak, Txinoari barkuan polizoi bat dagoela salatu dio. Kennyk Pucallpako parrandetan xahutua du amak emandako diru guztia, eta ez dauka bueltako barkua ordaintzeko diru aski. Tabernariaren txibatazoarengatik izan ez balitz, Kenny erraz asko iritsiko zen Iquitosera, gauetan linternekin egiten dituzten errondatxoetan susmorik atera gabe, karriketako hezkuntza jaso duen haurra izaki. Lagunminaren aitak saldu duela badaki, baina ez dio ezer aurpegiratuko. Kennyk tabernariaren afariak jasotzen ditu egunero, eta hala segitu nahi du. Komeni zaio ezjakinarena egitea: superbizitzaren logika.

Jatorri japoniarreko kapitaina, Txinoa, Kennyrengana hurbildu da. Txinoak oso disziplina zorrotza darabil bere langileekin; bidaiariekin, berriz, oso atsegina da. Zera esan dio Kennyri:

-Iquitosen solastuko gara. Eta beste batetan harrapatzen bazaitut ibaian behera jaurtiko zaitugu.


Salataria gizon hitsa da, bekainak bateginik ditu, zimaurrak gogor zizelkatuta, larrua horiska. Beti haserre dagoela dirudi, hitz gutxikoa da, destainez beteriko tximista-begiradak jaurtitzen ditu, bekaiztien artean bekaiztiena da. Semeak, bien bitartean, aberatsaren plantak egiten ditu Kenny laguna lotsagarri utziz: 'San Agustinen ikasi dut, Iquitoseko eskolarik onenean', 'Nola erreko dut bada Tropical? Tropical pobreen tabakoa da', 'Nahi baduzue Iquitoseko Club de Tenisera eramango zaituztet'. Gixajoak ahazten du bere aita, tabernaria, aurrean dugula, jenio txarrez, goilararekin arrozari eragiten.


Bidaikideen artean bada ere katu bat. Latinoamerikako leku askotan begi nabarreko emakumeei katu esaten diete, eta gurekin datorrena katu polit bat da. Neskak badaki polita dela, eta katu baten elegantziaz pasiatzen du bihurgune arriskutsuko gorputza itsasuntzitik, ibaiaren erritmoari kontrapisua eginez. Quebeceko laguna saiatzen ari da berarekin.