ILARGIAREN BAILARA

San Juanen gelditzeko asmoa neukan, baina iritziz aldatu dut. San Agustin del Valle Fertilera eramango nauen autobusa arratsaldeko 7etan aterako da, hiru ordu barru.

Ordurarte bueltaska bat emanen dudala erabaki dut, motxila konsignan utzita. San Juan ez da oso hiri erakargarria. Plaza nagusian ebangelistek tenplu handia jaso dute, eta kanpokaldean propaganda egiten dihardute, Argentinako beste hainbat hiri askotan bezalaxe, krisi ekonomikoak sektak ekarri edota indartu ditu, eta plaza garrantzitsuenetan aurkitu daitezke hauen tenplu eta elkarguneak.

Link: Hego Amerikako sektak, web orria, gaztelaniaz

Jatetxerik tristeena aukeratu dut bazkaltzeko. Basoak detergente usaia dauka, eta halamoduz irentsi dut bi ogi pusken artean izkutatzen den haragi puska. Hipokondria akaso. Kezkatu egin naiz. Apur bat. Sabeleko mina daukat.

San Agustinera noa, bertan lo egiteko lekurik aurkituko ez dudala iragarri badidate ere. Aste Santua izanik, argentinar askotxo doa bertara, Difunta Correa-ren ospakizunetara. Autobusean neska potoloa daukat ondoan, bere ipurdiarekin nireari dagokion lekua okupatuz. Lo egiteko premia daukat, baina ezin. Emakumeak hitzegiteko gogoak ditu. Madrilgo atentatuena gogora ekarri du.

Link: Difunta Correa, wikipedia, gaztelaniaz

Ez du ulertzen nola esaten ahal zaion 'País' Euskalherriari, 'País' bat ez bada. Euskalherria zer den bost minututan azaltzeko esku-liburuari heldu diot. Mekanikoki aritu naiz.

Fededuna ote naizen galdetu dit handik gutxira, eta erlijio gaietan murgildu gara. Berau ebanjelista da, jatorra, haur behartsuei jana emateko bonoak salduz bizi dena. Saltzen duen bono bakoitzeko, diruaren erdia bere poltsikora eramaten du. Ez du konzientzia arazorik. Bere lanbidea da, eta naturaltasunez hitzegiten dit irabazten duen diruaz, munduko gauzarik arruntena bailitzan.


Triste idazten dut, triste nagoenean, eta pozik idatzi nahi dut, pozik nagoenean: kometak (Lurreko alfareroek izkutatzen dituzte hariak). Eta guraso arabiarrak dituen emakumeak, autobusean nire ondoan doan emakumeak, ez dela lorik egin behar esaten dit, behin betirako siesta zai dugula, eta lau ordukin aski dela, psikologo batek esan ziola, estudioak zituen gizon batek, gizon jantzia bera. Nik erantzun nahiko nioke siestekin hegan egiten dutela ametsek, kometek, birak ematen dituztela, hegan, ez dudala 20 orduz ernai egon nahi, nere onetik ateratzen nauela, eta kometak nahi ditudala, eta bere baimenarekin lotan hasiko naizela, motorraren zarataren nirvanan, zuloz beteriko errepide honetan, San Juaneko gauean, eta bihar jarraituko dugula hizketan, errealitatean.

Autobusean nirekin batera Alemaniako gazte bat doa ere, Martin. Mutiko lasaia da, ilea kixkurtua dauka, oso argala da, eta ixila. Lozorroa da bere ekipaia bakarra, eta ahal duen lekuan egiten du lo: kobazulo batetan, izarpean, ostatu merkeetan. Emaztea argentinarra du, eta 26 urte bete berriak dituela bi semealaba dauzka. Gaur egun, hain gazte izanik, bi seme-alaba eukitzea gauza harrigarria dela aipatu diodanean, Argentinako emakumeekin kontuz ibiltzeko gomendioa eman dit berak, ironikoki, bertoko emakumeek gutxitan erabiltzen baitituzte antisorgailuak.

Ostatu merkea aurkitu dugu biok. Dutxa hotza hartu eta lotan gelditu gara oinetakoen kiratsak sortutako lanbroaren barruan.


Esnatu eta Ilargiaren Bailarara joateko atondu gara. Berriz ere nire hitza jan behar izan dut, erreserban sartzeko bide bakarra gida ofizial batekin baita. Range Rover batetan barneratu gara erreserba naturalean. Museoan derrigor sartzera behartu gaituzte, nahitaez sartu beharreko lehenengo museoa munduan. Ischigualaton dinosaurioen arrasto andana aurkitu dute, eta museoan hauek berreskuratzeko burutzen dituzten lanen berri eman digute. Range Roverrean berriz igo eta higadurak harrietan eginiko eskultura lan apetatsuak ikusi ditugu, harriek mendez mende haizearen kontra burutzen duten borrokaren testigantza. Ardien legera ibili gara. Bidea harriekin seinalatua dago, eta jendeak ganorarik gabeko galderak egiten ditu, gidak ganorarik gabeko erantzunak ematen dizkien bitartean. Lekua zoragarria da, baina preso sentitu gara Martin eta biok.

Link: Ischigualastoko aztarnategia, web orria, gaztelaniaz

Arratsaldean Ischigualastora joan beharko ginateke, bazkaldu eta gero. Muzin egin diogu bigarren txangoari, eta inolako azalpenik eman gabe herrira itzuli gara. Bueltan autoa errepidean jauzika aritu zaigu eta gurpila zulatu egin zaio. Gurpila aldatu behar izan diotenean, adabakiz josita dagoela ikusi ahal izan dugu. Adabakiek gurpilari molde borobila kendu diote, kautxozko poligono bat da.