EZOHIKO TURISMOA

Eta halaxe egin dugu. Konbiak 82garren kilometroan utzi gaitu eta oinez hasi gara. Tren geltoki itxurako bat pasatzerakoan gizon batek bidea oztopatu digu. Uniformez jantzita dator gugana, serio-serio: problemak.

-Aizue, hemendik ezin duzue sartu.
-Trenbidea ez da Perurailena!
-Arrazoia duzue, baina Machu Pichu erreserba naturala da, eta sartu ahal izateko baimena berezia behar duzue, gobernuaren zigilua.
-Trenean doazenek baimen berezi hori badute?

Gizona ixilik gelditu da, eta tarte hori aprobetxatu dugu aurrera egiteko. Marianoren hitzak erabakiorrak izan dira.

-Goazen, ez egin kasurik honi. Nahi badu poliziari deitu diezaiola. Goazen!

Eta aurrera egin dugu, gizonak gerta dakigunaren gaineko erantzunkizuna gurea izango dela errepikatzen digun bitartean.

Trenbidetik ibiltzea ez da batere erosoa. Egurrezko oholen arteko distantzia ez dator bat gure zangoen erritmoarekin, baina tira, aurretik ere samurra ez zela izanen bagenekien. 82garren kilometroan bertan 'bide inka' hasten da. Handik igaro garenean, inken harrizko bidetik joateko 200 euro inguru ordaindu dituzten atzerritarrek arraro begiratu gaituzte.

Bi kilometro eskas burutu ditugu trenaren zarata nahastezina aditu dugunean. Kikek, txikitan indio eta bakeroen pelikulak imitatuz egiten genuen bezala, belarria burdinezko bidean paratu eta trena badatorrela baieztatu digu, harro baino harroago. Tilkarako argentinarrak aurreratu bezala, tren nagusiari bidea zabalduz beste lokomotora ttiki bat dator. Jostailuzkoa dirudien tren ttikiak bidean dauden harriak garbitzeko ardura du, eta lur-jausiak egotekotan walki-talkiz abisua ematen dio tren nagusiko makinistari.

Marianok eta biok, badaezpada, erdi txantxetan, autostopa egin dugu. Gure harridurarako, lokomotora aurre-aurrean gelditu egin da. Makinista eta bere laguntzaileak ahalik eta azkarren igo behar dugula txilio egin digute, atzetik segika tren nagusia baitator. 10 segundutan prezioa diskutitu eta gero, tren urdiñaren atzekaldean eseri eta aurrera egin dugu. Abentura kilikagarria izan da. Geltokiren batetik iragan behar dugunean makinistak makurtu eta izkutatzeko agindua ematen digu. Egoera surrealista da. Makinistak eta laguntzaileak ere parre egiten dute izkutatzeko tenorean erakusten dugun trebezia eskasa dela -eta. Aguascalientesera tren nagusia baino garaizago iritsi gara.

Machu Pichu Cuscotik 112 kilometrora dago, iparekialdera, 2.800 metroko altueran. Mendeetan sastraken artean izkutatutako hiria Hiram Bingham ikertzaile estatubatuarrak eman zuen ezagutzera, 1911garren urtean. 'The lost city of the Incas' liburuan estatubatuarrak dio Vilcabamba hiriaren bila ari zela, hondarreko inken hiriburuaren bila, abizen euskalduneko nekazari batek, Arteaga abizeneko nekazariak, Machu Pichu izeneko mendi batetan aztarnategi handia topatuko zuela agindu zionean.


Link: Hiram Bingham, testua, gazteleraz.



Bihar goizean igoko gara Aguascalientesetik Machu-Pichura. Aguascalientes bailara berde eta itxi batetan izkutaturiko herriska ttiki bat da eta turismoari esker bizi eta hazten ari da. Amerikan badira beste zenbait Aguascalientes, eta ur-beroak izateari zor diote izena.

Supermerkatuan palta (aguakatea), gazta, atuna, maionesa eta tomatea erosi eta Aguascalienteseko plaza nagusian bokadillo pare bat jan ditugu, ur termaletan bainua hartu baino lehen.

Bazkaltzen gauden bitartean plazan obretan dabiltza, neo-inka estiloko iturri moduko zerbait eraikitzen.

Arratsaldeari probetxu ateratzeko trenbidearen arrastoa jarraitu eta Mandor izeneko urjauzi batera abiatu gara. Urduri nago. Machu Pichurekin nire bidaiaren tontor garrantzitsu bat zapalduko dut, eta nire buruan urtetan gorde dudan argazki huraxe errealitatean isladatuko zait.