PARAISO OSTATUA

Huanucora doan autobusa goizeko seietan ateratzen da. Gaua, hortaz, La Unionen eman behar dugu derrigor. Eztabaida labur baten ostean, Mariano ta biok herrian beste egun batez gelditzea adostu dugu. Herritik gertu aztarnategi arkeologiko ederra bide dago, eta inken garaiko termetan bainua hartzeko aukera badugu.


'Paraiso' ostatuan lekutu ditugu trasteak, bada, gaua eman asmoz. Ormak txapakumenezkoak dira, eta kanpoko hotsak inolako galbaherik gabe sartzen dira gure koartoetara. Ormetan ostatutik iragandako bidaiarien mezuak irakurtzen aritu naiz, ohearen burdin malguek kiirrinka metalikoak abesten dituzten bitartean: Con mucho amor para Pinocho, Paco de Huánuco te amo, Aquí estuvieron Manodebrea y María la dulce, Mariano y Ketty amigos para siempre.


Oso gaizki egin dut lo. Ez dut atsedenik hartu. Laupabost aldiz iratzarri naute eta ohe azpian dagoen pixontzia hiru bider erabili beharrean izan naiz . Oheratu bezain pronto Paraisoko bezero mozkorra iritsi da eta korrokadak botatzen aritu da ordu erdiz. Mozkorraren korrokadek igelen ereserkia osatzen zuten ondoko gelan lo egiten zuen gizonaren zurrunkekin. Goizeko laurak aldera ostatuko langile gaztea bezeroak altxatzen hasi da, lanera joan daitezen, ate joka eta ziztuka. Goizeko 6ak aldera, eskolara joateko, haurrak iratzarri dituzte, garrasi eta jolasen artean. 7etan ostatuko nagusia egurrarekin lanean hasi da, dinbi-danba, patioan zurgindegia baitauka. 7 t´erditan, lorik egingo ez dudala jakinda, ia ia gainezka egitear dagoen pixontzia hustu eta gosaltzera joan naiz. Mariano beranduxeago esnatuko dela esan du.


La Platako lagunarekin batera Huanuco-Pamparako bidean jarri naiz. Bidean aurkitutako gizon batek 50 minutuko ibilbidea dugula esan digu. Piriniotan mendigoizale bati tontorra urruti badagoen galdetzerakoan gertatzen den bezala, aipatu 50 minutuak bi ordu pasatxo bilakatu dira.


Lautada zabal bat gurutzatu dugu. Etxeak sakabanaturik ageri zaizkigu eta eguzkiak bailara osoa hartzen du. Kolore biziko etxe baten aldamenetik igaro garenean zakurrak oldartu egin zaizkigu. Nagusiak atera behar izan du erasoa ebitatzeko. Emazteak etxe barrutik zera esan dio gizonari:

-Utzi zakurrak pakean! Ez al duzu ikusten gringoak direla?

Huarazeko Willcahuainen ikusi bezala, Huanuco Pampako aztarnategia nahiko egoera kaskarrean zaindua dago, eta abandonaturiko lekuen xarma dauka. Mariano eta biok gara turista bakarrak. Zutik irauten duten eraikinen artean tximinoen irudiekin zizelkaturiko zutabeak ikusi ditugu, ohianetik nahiko urrun bagaude ere.

Link: Huanuco Pampa, testua, gazteleraz.



Lekua uztera goazenean, Willy zaindaria etorri zaigu. Tarifa kobratu nahi digu, bere emazteak urrutitik ikusi gaituela eta sarrera ordaindu behar dugula. Marianok argentinarrak garela eta gure herria oso kinka larrian dagoela esan dio, Peru eta Argentina anaikidetutako herriak direla eta abar eta abar. Boliviarrendako tarifa kobratu digu Willyk.

Antza, dezente aspertzen da Willy bazter hauetan eta bere bizitzaren berri ematea otu zaio. Esaldietan, behin eta berriz, Jaungoikoa aipatzen du: Jaungoikoak nahi badu, Jaungoikoaren oneritziarekin, Jaungoikoari esker, Jaungoikoaren laguntzarekin...

Segituan jakin ahal izan dugu zer dela kausa hitzegiten duen horrenbeste Jaungoikoaz:

-Jaungoikoari esker alkohola eta emakumeak utzi nituen. Ezkonduta nengoen, hiru seme-alabekin, eta denbora osoa mozkortuta ematen nuen, beste emakumeekin oheratzen nintzen... Irabazitako diru guztia edarietan xahutzen nuen, eta emazteari beste hiru emakumeekin adarrak jarri nizkion.


-Eta beste emakumeak gustoko izatea sendatu beharreko gaixotasuna al da? -galdetu dio Marianok, irritan.

Willy serio jarri da eta solasaldia artifizialki luzatu nahi-ez, eta agur esan diogu elkarri.


Paraiso ostatuan beste gau bat eman behar dudala pentsatze hutsak atzera egiten dit, baina tira, oraindik arratsalde guztia daukagu txapakumenezko zulora bueltatu aitzin. Huanuco-Pampatik itzulita, jatetxe batetan bazkaldu dugu, zopa eta pachamanca, lur azpian egositako zerrikia eta patatak, eta Huanucora eramango gaituen autobusaren txartela erosi dugu. Marianok Cuscotik gordetzen zuen bost soleko txanpon faltsua erabili du ordaintzeko, eta bulegaria lanez gainezka dagoenez, erraz sartu dio txanpona.


Tripari atseden emateko astirik gabe, La Unionetik bi kilometrotara dauden termetara zuzendu gara. Termak tunela ilun baten barruan daude eta harrien borobiltasunean mendez-mende erabiliak izan direla antzematen da. Zulotxo batetik sartzen den argiak ur beroetan murgilduta dauden gure gorputz biluziak zirriborratzen ditu. Atsedena erabatekoa izaten ari da.