MENDOZATIK TUNUYANERA

Ariel ez da Mendozan bizi. Komentzituta nengoen hiriburuan bertan bizi zela, baina hiru ordutara bizi da, Tunuyanen, Andeetatik urtzen den elurrari esker laborantzari probetxu ateratzen dion hiri batetan. Tunuyanen espainiar jatorrikoak dira herritar gehienak, baina badira italiar jatorrikoak ere, eta uzta garaian bolibiarrak, batipat, eta iparmendebaldeko langileak (Salta, San Juan, Tucuman eta San Salvador de Jujuykoak) datoz bertara.



Tunuyanen makalondoek baratzak inguratzen dituzte, lurrari trinkotasuna emanez, eta behinala lur antzuak izandakoak atzerriko inbertsoreen jomuga bilakatu dira.

Basamortuari lapurtutako lur eremu honetan negua da areriorik behinena. Hotzak landareei kalte egin diezaieke, eta, negu gorriko gauetan, baratzetako lubakietan petroleoari sua ematen diote nekazariek. Nekazari bolibiarrak gau hotzetan erne daude, tenperaturak behera egiten duenean lubakietan sua ahalik eta azkarren pizteko. Nekazarien goardietan ez da alkohola falta, eta kantuek eta sineskeriek Mendozako ilargiaren bakardadea alaitzen dute.


Arielen familia ardoaren negozioan murgilduta dago. Arielen aitona Malagatik ihesi egin zuen gerra garaian, eta Mendozako sastraken artean bere inperiotxoa eraiki zuen, Malagako lur idorretan nekazariek erabiltzen zituzten teknikak ezarrita. Berau izan zen zonaldera lehenengo mahatsondoak eraman zituena.

Egun, peso argentinarraren debaloaketak esportazioari mesede egin dio, eta Txileko ardoaren arrakastari jarraiki, Mendozan kalitate oneko ardoak ekoizten ari dira, mahatsarendako beharrezkoak diren bi osagaiak, ura eta eguzkia, aurkitu baitaitezke. Andeetako urek ubidez bete dituzte Tunuyaneko soroak. Baratzek tomateak eta barazkiak ematen dituzte; eta mahasti eta olibondoek, primerako ardo eta olioa.

Arielen amak arras ongi hitzegiten du bolibiarrez. Lana tajuz egiten dute, eta langile argentinarrak baino finagoak dira bere irudikoz. Argentinar aunitzek, esan dit amak, nahiago dute Estatu Batuetan, Espainian edo Italian komunak garbitu edota nekazaritzan ibili, euren sorterrian baino.

Ardoaren kanpaina momenturik garrantzitsuenean dago ni Mendozara iritsi naizenean, eta 9 hilabeteko lehortea hautsi egin da. Euri fin batek eman dit ongietorria Tunuyanen. Ama kezkatuta dago, urak uzta kaltetu dezake eta langile faltan daude. Argentinarrek ez dute nekazaritzan aritu nahi, azpimarratu egin dit amak, eta nahiago dituzte gobernuak eskaintzen dituen laguntza ekonomikoak.


Nik kontuak egin ditut bien bitartean, eta amari egia aitortu ez badiot ere, argentinar horiek bezala egingo nukeela ondorioztatu dut. Gobernuaren laguntza eta nekazariei ordaindutako soldataren artean ez da apenas alderik.