SORATAN BELE

Soratara joatea adostu dugu. Atzerritarrak garenez, La Pazen, istiluak gora behera, noizbehinka beldurrez gabiltza. Hiriburuan bost egun eman eta gero, eta gatazkaren tamainaz jabetuta, lasaitasun egarria daukagu.


Gontzal, Iruñeko lagunmina, Saltatik, Argentinatik, iritsi berria da eta poz handia hartu dut berarekin elkartzerakoan. Besarkada luzean itsasi gara biok, eta ondoren gosari-hamaiketakoa hartu dugu alboko kafetegi batetan. Nekatuta dago Gontzal. Alabaina aurrera egiteko indar aski baditu. Espedizioak bostgarren kide bat dauka, beraz.


Ostatuko langile batek errepideak seguruenera moztuta izanen direla aipatu digu, eta beronek ibilbide alternatibo batetik eraman gaitzakeen taxia lortu dezakeela. Susmo txarra hartu diogu bere jokabideari. Taxistaren komisioa eskuratzeko egiten duela ondorioztatu dugu. Bere informazioa, eta bere izakera, ez zaizkigu fidatzekoak iruditzen. Ez dugu deus galtzeko. Autobusez joaten ahaleginduko gara. Gainera, atera baino lehen, autobus gidariak errepidea zabalik edo moztuta ote dagoen jakin beharko luke. Moztuta dagoela berretsiko balu, ostatuko kontaktuaren kotxea har genezake.

Soratara doazen autobusak hilerritik gertu ateratzen dira. Ez dute berezko geltokirik, errepidetik bertatik jasotzen dituzte bidaiariak. Autobus gidari txikitxo bati galdetu, eta errepideak libre daudela erantzun digu, goizean zehar errepideak garbitzen aritu direla. Polizia potolo bat gerturatu zaigu ere, eta kontu handiz ibiltzeko gomendioa eman digu, atzerritarrak garenez 'indioek' gure aurka egin baitezakete. Eztabaida labur baten ostean, billeteak erosi eta autobusean eseri gara.

Horrela bada, La Pazeko mendiak utzi eta Los Altosen sartu da autobusa. Lautada zabal batetan kokatua dago Los Altos. Boliviako protesta-gunerik inportanteenetarikoa da. Karrikak eta etxebizitzak oso modu anarkikoan eraikita daude, eta autoek ohianaren legea jarraitzen dute aurrera egin ahal izateko. Elizen dorre fin zuriskak ikusi daitezke infinitora zabaltzen den lautada honetan.

Link: El Altoko hip-hopa, bideoa.

Lau ordu t´erdi eman ditugu Sorataraino. Benetazko neurriak dituen scalextric batetik iritsi gara Soratara. Bailara ikusgarri baten barruan kokatua dago herria, altiplano eta ohianaren artean. Urrutira mendi elurtuak ikusten dira, 5.000 eta 6.500 metro bitarteko mendi puskak.


Soratako ostatuan Frantziako mariguanazale batekin eta Suizako emakume lirain batekin elkartu gara. Beste guztiak israeldarrak dira eta euren taldetan isolatuta dabiltza. Emakumearen edertasunak izoztuta utzi gaitu, baina bikotea baduela jakinda normal aritu gara berarekin, paperik interpretatu gabe.

Paperez ari naizela, frantziarrak bi paperezko porroa prestatu du, eta bakarrik bidaiatzen duen israeldar jator batek beronek eginiko pizzaren zati bat eman digu. Espedizioko kideek ez dute erre nahi, eta Toulousseko frantziarrarekin tet a tet erre dut bi paperezko porro amaigabea.

Aspaldian erre gabe ibili izanagatik, musturreko ederra eman dit marihuanak. Bihotzaren taupadak sentitzen ditut eta nire kopetari izerdi hotza dario. Koadrilarengana itzuli naizenean, kili-kolo mantendu naiz irmo. Zelula grisak dantzan ditut eta oso zaila egiten zait nire bajonettia disimulatzea. Ez dakit oinak nola paratu. Konortea galtzen ari naizela iruditzen zait. Oreka galtzen ari naiz. B plana martxan jarri beharra dago.


Frantziarrak Suizako neskarekin zerikusirik ez duela argitu digu orduan, arestian ezagutu duela eta elkarrekin mendian ibilbidea eginen dutela. Bere bikotea ez dela jakin bezain pronto, espediziokideen arreta biderkatu egin da, eta bakoitzak bere keinurik interesgarri eta behartuenak erakutsi ditu.

Nik ezin dut halako plantarik egin. Indargabetuta nago. Momentutxo batez koartora noala esan diet. Zozketa egin dugu eta niri, zorionez, ohe bakarreko koartoa egokitu zait. Atea giltzarekin ixtearekin batera nire antsia apalduko dela pentsatu dut. Kia! Villa Tunariko ibaian aurkitutako bi harriei begira orduak eman ditut, konturatzeke, liluratua. Oso gutxitan izan ditut halako erreakzioak marihuanarekin. Oso gutxitan moztu dut errealitatearekin horrenbeste.

Gaueko ordubiak aldera norbaitek atea jo du.

-Nor da?

Ez dut erantzunik jaso. Atean entzun ditudan kolpeak nire irudimenaren ondorio izan ote dira? Ostatuko nagusiak, gay itxura duen horrek, jo du? Eta Suizako emakumea izan bada?

Ez dakit ze ordutan lokartu naizen. Gogoan dut harrietan nire etorkizuna irakurtzen saiatu nintzela, eta gogoan dut harri bat lurrera erori eta hamaika zatitan puskatu egin zela. Lehioa zabaldu eta bi harriak Pachamamari itzuli nizkion, ez nituen gainean eraman nahi, lapurra sentiarazi ninduten, eta yuyua eragiten zidaten.