POLVOS AZULES

Iragarri zigutena aintzat hartuta, agindutakoa baino itxurosogoa egiten ari zaigu Lima. Hiru egun daramatzagu hiritik jira biraka. Marianok arrakasta handia dauka emakumeen artean eta segika dabilzkigu. Taberna baten aldamenetik igarotzen garelarik, emakumeek Marianoren begien gaineko piropoak botatzen dituzte eta, inoiz, sustoa ere hartzen dute nire bidaikidearen begi berdeekin tunka egiten dutenean. Sinestezinezkoa da. Niri parregarria egiten zait, eta ez naiz gaizki sentitzen emakume peruarren arreta nire lagunak jasotzen baditu. Mariano, alta, nekatzen hasia da, horrenbesteko arrakastak gogaitzen du. Ahal bezain agudo Limatik alde egin dezagula erregu egin digu lagun argentinarrak.

Gaur Polvos Azules izeneko leku batetan izan gara. Izenak bestelakorik adierazi badezake ere, ez da putetxe bat, merkatu handi bat baizik. Ez dute gizakien haragia salgai, bogan dauden mota eta marka ezagun guztietako arropa faltsifikatuak baizik. Peruarrak maisu dira arropen faltsifikazioetan. Nik neuk markako txaleko faltsua erosi dut eta dendariak, Wilmak, erdi parrez, erdi txantxetan, Euskal Herrira eraman dezadala eskatu dit, Euskal Herria non arraio dagoen ez badaki ere. Erdi parrez, erdi txantxetan, momentuz ez naizela itzuliko erantzun diot.
Katedraleruntz gerturatu gara. Bidean pizzak erosi ditugu, pixa itxurako Incacola horiska batekin busti ditugu eztarriak, mazamorra bat aukeratu dugu postrerako (arrozesnea mermeladarekin), eta Chabuca Granda abeslariaren izena daraman etorbideko banku batetan hartu dugu atseden.

Link: Polvos Azules, Lima.

Amerikako auzo historiko aunitzetan ikusi dudan bezala, izkina bakoitzean polizia bat dugu zelatan. Limatarren joandaetorriei begira gaudela, deblauki, mugimendu arraroa somatu dugu katedrale inguruan. Ondoko batek esan digunez gaur Boliviako lehendakaria dator bisitan. Jendea ziztuka hasi da bizkarzainez inguratuta doan Peruko lehendakariaren aurka sekulakoak eta bi botaz. Boliviako lehendakariaren etorrera iragarri digun zaharrak zera erantsi dit:

-Hobe genuke Mesa lehendakaria Perun geratu eta Toledok hanka eginen balu!