AJERIK GABE

Oso esperientzia arraroa izan da, hiru ordutan edo luzatu egin dena. Arestian burua galtzear neukan eta orain normaltasunera itzuli naiz. Hau da hau bakea! Momentu batetik bestera efektu guztiak desagertu egin dira. Ongi sentitzen naiz, motelxea, tontotua, baina ongi.

Marianok esaten dit jaguar baten larruan ikusi duela bere burua. Jaguar bat zela pentsatu du argentinarrak. Ulyssesek bi bider hartu behar izan du ayahuaska, lehenengoak ez baitio eragin. Ulyssesek inguruan zituen pertsonen izakera hartu duela esan dit eta bere aurpegia besteen gorputzetan isladatuta ikusi duela. Yacinnek ez du ezer berezirik nabaritu.

Lokartzen hasi naiz urrutira Kikeren hitzak aditu ditudanean:

-Bihar, ikusi dudana kontatzen dizuedanean, ez duzue sinetsi ere egingo. Ohiana ipotxez mukuru dago eta behatzekin jaurtitzen ditudan izpiekin arbolak botatzeko ahalmena daukat!

Tenpluari darion kiratsa nire pitutarian sartu da. Oso usai txarra dago. Loak hartu baino lehen animali batek bisitatu gaitu. Ez dakit zer den, txori bat, geko gardatxoa, arratoi bat edo saguzahar bat. Lastozko teilatuan dago, hor nonbait, eta oso kantu ederra dauka, hipnotizagarria. Arnauden esanetan animaliak tenplua bisitatzen duen lehenbiziko aldia da.

Goizean burukominik gabe altxatu gara. Gosaldu eta tenplua eskobatu dugu. Artidorok barkamena eskatu digu. Egunero hartzen omen du ayahuaska eta ez zaio halakorik sekula gertatu.

Link: Ayahuaska, margoak, Pablo Amaringo.

Artidorok ayahuaskaz ari dela 'negozio' hitza aipatzen du aldiro. Ayahuaskarena 'bere negozioa' omen da. Arnaudek, apika, ikuspuntu erromantikoagoa dauka, utopikoagoa, komunitatea sortu nahi du Santa Fen, zerbait berria. Nahiago dut Arnauden ikuspuntua, bere Pachamama eta bere mundu sekretuak.