ADIO

Abuztuan gaude jada eta itzulera gertu ikusten dut. Ezin naiz Buenos Airesetik gehiago aldendu. Mariano eta Kike gaur bertan agurtu ditut. Penaz, baina berriro ere ikusiko ditudala komentzituta. Bestela ez legoke lagunak agurtzeko modurik. Nire lagunak Pebas izeneko herri batetara doaz. Ospe handiko margolari batek bisitariei etxeko ateak zabaltzen dizkie Pebasen, eta bertara doaz, Amazonaseko herri zaharrenetariko batera. Beraiekin joan nintekeen baina muga bat paratu nuen eta muga horren lerroa gurutzatu dut ja. Bakarkako bideari helduko natzaio berriz. Iquitosen beste egun batzuk gehixeago emanen ditut.

Bakarrik gelditu naiz eta zalantza ugari ditut. Nora eginen dut? Diru aski izanen dut? Buenos Airesen gelditzen ahaleginduko naiz?

Ezer aurkituko ez banu hilabete baten bueltan itzuli beharko nuke, eta bidean Cusco, Arequipa eta Mendozan gelditu beharra daukat derrigor. Cuscon Maria eta Mikel ikusi nahi ditut, Arequipan Yngrid laguna, Mendozan Ariel ,eta Buenos Airesen Cesar, Jose, Xaviera eta Tomas.

Kalkuluak egin ditut... Isolaturiko Iquitosetik itsasuntziz edo hegazkinez atera naiteke. Hegaldiak nahiko merkeak dira eta itsasuntzia aukeratuko banu 5 eguneko gastuak izanen nituzkeen. Ez, ez dut itsasuntzian berriz joateko gogorik. Alpertuta nabil, zeharo. Gaur larunbata da eta asteartean ateratzeko asmoa daukat. Abioiez eginen dut. Erabakita. Tarapotora eta handik kostaldera? Limara ahalik eta azkarren behera egiteko? Chiclayo bisitatzen ez badut Ica eta Piscora joan naiteke...

Ayahuaska hartu nuenetik, eta Kike eta Marianori agur esan diedanetik, zertxobait galduta nabil. Lasai nago, poliki, baina indar justuekin, nirvana ezeroso baten barruan. Pilak kargatu behar ditut lehen bait lehen. Bidaia ez dago finituta, inoiz pentsamendu hori nire buruan oharkabean ezartzen bada ere. Okerrera ere, hilabete oso bat daukat oraindik zai.

Ondoko gelako emakumea abesten ari da, Caliente eta Explosion orkestrek Iquitosen ospetsu eginiko kantaren bertsio bat: 'Pero recuerda, nadie es perfecto, y tu lo verás, y me molesta que pienses así...'. Ile beltz motzeko bizilaguna irakaslea da, Trujillokoa, eta goizetan abesten esnatzen da, eta gauetan abesten oheratu. Galtza motzatxoak eramaten ditu beti, urdinak, eta oso jatorra da. Kafea egiteko behar dugun ura bere labetxoan berotzen dugu.

Link: Tu cárcel, abestia, bideoa.