Limara eramango nauen abioi txartela erosi dut gaur, peruarrek hainbeste gorrotatzen duten LAN-Chile konpainian. Erabakia hartu arte eman dudan denbora amaiezina izan da, eta Limako txartela eskuan eukita hobe sentitzen naiz: badakit norabaitera eginen dudala.
Larri ibili naiz abioi txartela eskuratzeko. Horrelako hegaldiak egiten dituen beste konpainiak porrot egin du eta, honetaz aparte, orain hiru egun Yurimaguasetik Iquitosera zihoan itsasuntzia ibaiko piratek erasotu eta haur bat balaz akatu zuten, 100 bidaiariei dirua lapurtzeaz gainera. Eskerrak kostalderako bidean itsasuntzia hartu ez dudala, eskerrak Limara noala.
Link: Piratak Amazonasen, artikulua, gazteleraz.
Bada, guzti honengatik arazo franko izan dut eserleku bat lortzeko tenorean. Txartela eskuan daukat jada, hori da garrantzitsuena, eta bi egun barru Liman izanen naiz.
Ez dut korrika eta presaka ibiltzeko asmorik, ahal ditudan leku guztiak bisitatzeko ganorarik gabeko lasterketa eroan, lasai ibili nahi dut. Tamalez, Cuscora nuen bisita kolokan dago orain. Mariak ez ditu nire korreoak erantzuten. Cuscokoa bertan behera geldituko balitz bakarrik eginen nuke Chiclayo aldera.
Bitakoren bardoak gorrotatzen ditut, dardo kamutsak botatzen dituzten olerkariak. Axiomen, perifrasien eta hitz hutsalen poetak gorrotatzen ditut, errepidean zapaldutako pikuen omenez idazten duten poetak.
Boulevarretik nabilela, urrutira, bi euskaldun ikusi ditut paseoan. Laister igertzen da zeintzuk garen euskaldunak. Cuscoko Mariak berak segituan asmatzen zuen, janzkeragatik edo ilearen orrazkera faltagatik, besteak beste, zeintzuk ginen euskaldunak. Eta bi hauek euskaldunak dira, eta ni ere, eta ni Koldo, eta ni Iñaki, eta ni Iker. Ni? Iruñekoa. Ni? Gasteiztarra. Ni? Aramaiokoa.
Arratsaldea patxada ederrean eman dugu Belen auzoari begira dagoen egurrezko tabernatxo batetan. Ayahuaskaz mintzatu gara, emakumez, marihuanaz, bizitzaz. Eskertzekoa da noiz edo noiz euskaldunen bat edo beste aurkitzea. Pentsakera maila sinboliko berean mugitzen garenez, errazago hartzen da konfidantza.
Bidean ezagutu ditudan euskaldunen artean gehienak irakasleak dira, eszedentzian edota hilabete t´erdiko oporraldietan daudenak, euskera hiztunak guztiak. Kanpora ateratzen garelarik, aurreiritzi eta mozorro asko gainetik kentzen ditugu, eta modu naturalagoan jokatzen dugu euskaldunon artean.
Bolivian esaten zidaten Mikel, Kike eta hirurok ezagututa ezinezkoa zitzaiela euskaldunen irudi orokor bat zirriborratzea. Hirurak, bai fisikoaren aldetik eta baita izakeraren aldetik ere, arras ezberdinak baikiñen. Halere, hirurok ezin hobeki ulertzen genituen bata zein bestearen jokabideak. Geure mundu sinbolikoaren ateak eta mugak ezagutzen genituen, beldurrak, detaile ttikiak, eta azalpen asko soberan zeuden.
Ez da erraza kultura berri baten mundu sinbolikoa konprenitzea, bestearen malkoak nireak bezalakoak ote diren, bestearen ahotik ateratzen diren eleak fidatzekoak ote diren, jokabide baten atzetik izkutuko asmorik ba ote dagoen. Eta horrexegatik, sarri, ezezagunen aurrean burua erne jartzen dut. Badakit mesfidantzak adiskidetasunari oztopo egiten diola, baina Peruko emakume edo gizonen bat zuzentzen zaidanean, hasiera batetan, nahi gabe, 'eta zer nahi du honek?' galdetzen diot nere buruari.
Gizonen artean batzuk, gazte-gaztetxoak, pegatinak bailiran itsasi egin zaizkigu, garagardoa, marihuana edo afari baten bila. Emakume batzuk, berriz, laister hasi zaizkigu esaldi politekin, 'maite zaitut' eta halakoekin, eta telenobelako pertsonaiak sentiarazi bagaituzte ere, konplikatua egiten zaigu euren benetazko sentimenduak zeintzuk diren jakitea.
Noski, ezin da orokortu, baina, kulturaz gain, egia da krisi ekonomikoak zerikusi handia daukala mota honetako pertsonaien agerpenarekin. Langabezia oso handia da, lanak oso gaizki ordainduta daude eta ez da irtenbiderik ikusten, atzerritarrok neurririk gabe malekoian San Juan zerbezak edaten ditugun bitartean.
Gaur Toledo lehendakariak azken bi urtetan pobreziak behera egin duela adierazi du, %51tik %49ra alegia. Estatistika zuzendariak, laister bere kargua galduko duen funtzionariak, bi urte hauetan populazioa %3an igo egin dela gaineratu du, eta kopuruari dagokionean, beraz, lehen baino pobre gehiago dagoela.