CULEBRON FAMILIA

Isabel ostatuak iraganbide luze bat dauka eta bi aldetara gure gelak daude. Egunez jatetxe bat da gure iraganbidea, eta hona Akademiako gona motzeko neskatilak datoz gosaldu eta bazkaltzera .

Ostatuko nagusia atso zahar bat da, familian lan egiten duen bakarra. Philip semeak ez du kolperik jotzen. Neskatilei begira, eserita edota aldizkari horituekin altxatu dituen dorreen artean, hamakan etzanda, ematen du denbora 60 urteko gizon burusoilak. Philipen arrebak oso emakume ahula dirudi eta bere itxura beldurgarria egiten zait. Aurpegia pailazo baten legera margotuta dauka eta beti jantzi bera darama, lehenengo jaunartzean neskatilek eramaten dutenaren gisakoa, txuria eta erdi transparentea, kolore gorriko beste jantzi baten gainean. Inuxente samarra da eta oso abots fina dauka. Ez du kolperik jotzen ezta ere, eta bisitariren bat etorriz gero anai-arrebek amaren esku uzten dituzte kudeaketa guztiak. Indiar aurpegiko bi emakumek garbitzen dituzte koartoak.

Igarobideko azken koartoan nahiko bikote bitxia bizi da. Aulki mugikorrekin dabiltzan bi elbarritu dira, Limakoak, parrandazaleak eta putazaleak. Bidaian zehar ezagutu ditudan beste hainbat bikoteekin ikusi ahal izan dudan bezala, batek asko hitzegiten du, eta besteak deus ez. Dendetako atarietan egoten dira egunez limosna eske, eta gauetan zerbezaren esperoan barraren bestaldean. Ostatura putaren batekin etortzen direlarik burrunba handia ateratzen dute, euren ahulki gurpildunekin iraganbidetik pasatu eta koartoan putekin jolasean dabiltzalarik. Iduri du elbarrituek sexuan aritzeko gai direla erakustarazi nahi digutela.

Sarri pentsatzen dut horrela egongo banintz akaso berdin jokatuko nukeela. Ez dakit. Hasiera batean pena sentimenduak bultzatuta hitz egin nuen beraiekin. Laister, konfidantza sortu zen gure artean, baina gehiegizkoa zen elbarritu baten hitz-jarioa, eta orain igarobidetik ikusten ditudanean disimuloan ihes egiten dut, beraiek atzetik 'mister, mister, mister' ohiu egiten didaten bitartean.

Iquitosen asko erabiltzen da begien bidezko komunikazioa. Andeetan lau hilabete egin eta gero, ezerosoak egiten zaizkit ohianeko emakume nahiz gizonen begirada zuzen eta iraunkorrak.

Karriketatik paseoan nagoela alabari zorriak kentzen ari zaizkion emakume batek begiradarekin zulatu dit garuna. Garezurraren kanpoaldea zorriek zulatu zuten aspaldi. Ah! Egia! Zorriak ahaztu egin zaizkit Isabel ostatuko bizilagunen berri eman dudanean!