EGONALDI LABURRA LIMAN

Liman lagun bat dut zain. Venezuelarra da, esne mamitan bizi izan den familia baten ondorengoa, Chavezen arerio porrokatua, eta Perun dabil bidaiari, ni bezala. Lagun peruar batek Liman etxea utzi dio, eta bertara joateko gonbita egin dit. Janari goxoa agindu dit, Venezuelan tipikoa omen dena, eta bi ardo botila freskatzen jarri dituela ni ailegatzen naizenerako. Surcos auzoan du etxea, Limako auzo aberatsenetako batean.

Goizeko 6etan Ulysses ni esnatzera etorri da. Gau osoa eman dute euren koartoan edaten, esnifatzen eta erretzen. Besarkada batekin agurtu diogu elkarri. Ulysses Montrealen antropologia ikasten ari da eta argazkiak egitea gustoko du. Yacinne okupa lotara joan da segituan.

Goizeko 6etan, bada, motxilan azken arropak sartu eta martxan jarri naiz. Goizeko hezetasunarekin oilo ipurdia jarri zait motokarroan aireporturantz noala.

Aireportuan, ekaitzak direla eta ez direla, irteera berandutuko dela iragarri digute. Abioia atera bitartean Isabel Allenderen 'La casa de los espíritus' irakurtzeko probestuko dut momentua. Ez dut liburua sobera maite, baina horrelako tarteak betetzeko arina suertatzen ari zait.

Hiru orduz atzendu da hegaldia, baina azkenik Limara iritsi naiz. Marroi koloreko lanbro zabal batek Lima estaltzen du. Aireportutik atera eta mutiko bat drogen aurkako sinadura baten eske (diru eske) gerturatu zait. Frantsesez erantzun diot, ezer ulertzen ez dudala erakutsi nahian, baina alferrik. Atzerritarra naizenez bere jakinmina areagotu egin da, ea nongoa naizen, ea Zidane ezagutzen dudan, ea zer moduz nabilen, ea zer moduz Peruko emakumeekin. 'Je ne sais pas, pas problem'.

Mariarekin telefonoz solastu naiz. Cuscora lehenbaitlehen ailegatzen ahaleginduko naizela hitz eman diot. Laister komentzitu nau. Horrelakoak izaten dira kontu hauek. Gakoa da ez dakidala zer arraio asmatu lagun venezuelarrari uste baino lehenago ospa egin behar dudala azaltzeko. Bere etxean hartu nau, baina pittin bat agobiaturik sentitzen naiz. Finean, ez dugu apenas elkar ezagutzen eta Surcos auzoa nahiko aspergarria da.

Oso jatorra da, baina ezeroso samar nagoela aitortu beharrean, Cuscon lagun bat zai dudala esan diot. Laguna lau egun barru Euskalherrira itzuliko dela, eta oso lagun ona dela, lagun mina, eta ni ikusteko etorria dela espreski, eta derrigor joan behar dudala, eta asko sentitzen dudala, gustora geldituko nintzela Liman. Kolorerik gabeko gezurra izan da. Lagunari pena eman dio nik bihar alde egin behar izanak, baina bihotzak aginduta sartu diot ziria. Edo, zergatik ez? Apika berari ere ez dio pena handiegirik eman eta, hitz mingarriak ez botatzeagatik, gezurretan ibili da bera ere.

Arratsaldea elkarrekin eman dugu hirigunetik bueltaka. Anarkisten taberna batetan menu merkea bazkaldu dugu. Kafe ebakia hartu eta ilunabarrean itzuli gara Surcosera. Bihar goiz esnatzeko asmoa daukat, ongi gosaldu eta bidaian aurrera egiteko. Gaueko 9ak direnean beste kafe bat hartu dugu eta Chavez lehendakariaren inguruko hitzen anestesiarekin apalduz joan da kafeinaren eragina.