SAN MIGUEL DE TUCUMAN

San Miguel de Tucumanera iristeko 14 ordu eman ditut Flechabús etxeko autobusean. Argentinan, orohar, diru aski baldin baduzu, nahiko ongi funtzionatzen dute garraiobideek. Gisella zerbitzari politak plastikozko bandejatan banatu digu afaria, abioi baten barruan egonen bagina bezala: oilaskoa patatekin eta entsalada rusa.


Alboan leku itxiei fobia dioen emakume bat eseri zait, meharra eta indiar aurpegikoa. Lotan edo lo itxurak egiten eman dut bidaiaren zatirik handiena, argentinarrek Europaz duten ikuspuntuak min egiten baitit. Ez dut egunero gai berdinen gainean jarduteko indarrik, ez dut egunero erantzun antzekoak emateko borondaterik.

Emakumearekin sikologoarena egin beharrean izan naiz, hilobi itxurako autobus honetan arnasa hartzerik badagoela sinestarazi nahian.

Riojan, Menem presidentearen jaioterrian, geldialditxoa egin du autobusak. Jeitsi-ez jeitsi ibili naiz. Azkenean aurrera segitzea erabaki dut. Catamarcan eta Concepcionen Gisellari, minigona urdina daraman zerbitzariari,  kanpoan zigarro bat erretzeko baimena eskatu diot, berarekin hitzegiteko aitzakia eukitzeko. Morochak, neskatto beltzaranak, ez dit ia-ia arretarik eskaini, armarik onenak erakutsi badizkiot ere. Interesgarriarena egiten saiatu naiz eta ez dut bere arreta piztu. Porrota onartu behar izan dut, halabeharrez.

Teresarekin, ondoan izan dudan emakumearekin, gutxi hitzegin dut; halere, Tucumanera iritsita, Laprida karrikaraino lagundu nau. Bidean Tucumanen adi ibili behar dudala ohartarazi dit, Tucumanen San Juanen baino lapur gehiago dagoela, eta atzerritarrak eta euren argazki-kamara erraldoiak oso helburu erraza direla eurentzat. Ezagunak egiten zait diskurtso hau. San Juandarrek Tucuman edo Rioja arriskutsua dela esaten dute, Tucumandarrek San Juan edo Salta, Saltakoek Tucuman edo Jujuy. Orokorrean ondoko bizilaguna beti da arriskutsuagoa. Agurtzerakoan lau musu eman dizkit. Bi leheniki, eta beste bi opari moduan. Eskaera egin dit ondoren: Espainialdean Rocio Jurado, Raphael edo Isabel Pantoja ikusten baditut San Juanera etor daitezela eskatzeko. Buruarekin baiezkoa egin diot.

Igandea da. Jende gutxi dabil erdialdeko karriketan, eta gehienak haur eskaleak dira.

Link: Pobrezia Tucumanen, testua, gaztelaniaz.

Ez dut ukatuko. Hiri batetan estrainekoz nabilelarik beldurra sentitzen dut, eta poliki-poliki murgildu behar izaten dut bere errealitatean. Murgiltze prozesu honetan, lehenengo geltokia kafetegi bat izaten da usu, kafetegietara jotzen dut artezki babes bila. Kafetegietan hiritarren gaineko informazioa jasotzen dut bidenabar. Kafetegiak informazio iturri garrantzitsuak dira, dudarik gabe, eta bertan asetzen dut kafeinarekin lotzen nauen menpekotasuna.

Orain erdialdeko kafetegi batetan nago, Tucumaneko burgesen artean, egurrezko altzari eta ispilu handien artean. Burgesen kolonia usaia nire galtzerdien kirats ia ia jasanezinarekin nahasten da. Zerbait erosi beharko dut botikan oinen usaia disimulatzeko, hautsak edo. Boliviara joatea erabaki dut. Ez dut Patagonian hotzak egon nahi.