EUSKERA

Harro nago, deustako balio ez badu ere, bidaia hasi baino lehen hartutako konpromezua betetzen ari naizelako. Bigarren koadernotxoa hastera noa. Oso gutxitan finitu ditut nire bizitza aipagai dituzten kontaketak edo bitakorak, nire buruaz aspertzen bainaiz, eta idatzitakoa bi bider errepasatuta irakurtzen ditudanak pitokeri galantak iruditzen baitzazkit, lotsagarriak, zabor ontzian edo 'desea vaciar su papelera?'-n amaitzea merezi dutenak.


Badakit zailxeagoa egiten zaidala barruan dudan guztia, kanpoan ikusten dudana, euskaraz adieraztea, gaztelaniarekin askoz hobe moldatzen naizela, euskararekin jolasteko dudan trebezia eskasa Machadoren hizkuntzarekin hobetu dezakedala. Baina euskaraz idaztea disziplina eta maitasunaren arteko zubi bat da nire kasuan. Euskaraz idazten dut gaztelaniaz pentsatu eta hitzegiten baitut eguneko ordu gehienetan. Eta euskara bizirik mantendu nahi dut nire barruan. Euskaldun guztien gainetik, euskara maite dut, eta amodio harremanak zaindu behar dira.


Bigarren koadernotxoa, poltsikoan sartzen ahal den tamainakoa, La Unioneko denda ttiki batetan erosi dut. La Union Huarazetik sei ordutara dago, ez dago turismorik eta jendeak jakinguraz begiratzen gaitu. La Union mundutik landara bizi da. Inoiz Sendero Luminoso taldearen eraginpean egoniko zonaldearen barruan kokatua dago.

Link: Sendero Luminoso, testua, gazteleraz.

Link: Sol Rojo aldizkaria, web orria, gazteleraz.

Link: Sendero Luminosoren kantua, bideoa.

Errepidea, bidenabar, herriko karrika nagusia da, eta igandea izaki, merkatu ttikia antolatu dute, ezker-eskuinetara janari postuak paratu dituztelarik. Karrikan chinchulinak (heste frijituak), oilaskoa eta chaufa arroza afaldu dugu, taberna bateko kanpoko lehiatilatik telebistan Mexikok Argentinari lehenengo gola sartu diola ikusten dugun bitartean. Mikelek, Huarazen gurekin hiru egunez egon eta gero, iritziz aldatu eta Cuscora itzultzea erabaki zuen. Kike Liman geratu da eta baliteke Pucallpan Iquitosera atera baino lehen gurekin bat egitea. Gontzalek, Euskal Herria zapaldu du jada.