KEVIN RENTERIA


Potosiko ostatuan Kevin Renteria izeneko pertsonaia ezagutu dugu. Oso jatorra dela esango nuke, baina aldiberean mesfidantza sortzen dit. Ezin dut esan mozorro baten atzean izkutatzen denik, eta ezin dut ukatu. Euskaldunak garela esan diogunean, bere arbasoak ere euskaldunak direla aitortu digu, eta euskaldunak asko maite dituela, eta Uyunin jatetxea duela, eta kontrabandista izan dela, eta Uyunin eta Santa Cruzen gatz blokeekin hotelak eraiki nahi dituela, eta behin Uyuniren gatzategian bost egunez galduta ibili zela, eta Buenos Airesen bizi izan zela, eta euskaldun guztiek marihuana erretzen dutela, eta berak koka baduela, eta Bolivia kokari esker bizi dela, eta kokainaren irabazien zatirik handiena atzerriko herrietan gelditzen dela, eta Santa Cruz eta Cochabambak euren hazkundea kokainari zor diotela, eta urtebetez Chaparen bizi izan dela, eta berak koka baduela, berriz.

Chapare Boliviako koka ekoizleen zonaldea da, eta Boliviako Yungekin batera, munduan esnifatzen den koka portzentaia handi bat bertan produzitzen dute. Chapareko ohianari 'zonalde gorria' esaten diote, eta Kevinek koka hostotik kokaina eskuratzeko prozesuaren berri eman digu, zehaztasunez, lekuko zuzena izan omen baita.

Gaualdean hasten da mugimendua. Motorren burrunbak ohianean zehar aditzen dira, eta abionetek, ipurtargi metalikoek, Chapareko zerua alderik alde gurutzatzen dute. Kokaleroek euren piszinak prestatu eta koka hostoez betetzen dituzte. Piszinen gainean ohial berdea paratzen dute, poliziak helikoptero edo abionetetatik gainetik ikus ez ditzan. Osagai kimikoak bota eta koka zapaltzeari ekiten diote. Goizeko 4ak edo 5ak aldera kimikaria dator, azken ikutua ematera, eta koka base deritzona kokaina izateko prest gelditzen da. Denborarekin, osagai kimikoak direla-eta, gaineratu digu Kevinek, koka zapaltzen dutenei larru-azala erretzen zaie.

Link: Chapare, testua, gaztelaniaz.

Kevinek Villa Tunari, Chapareko sarreran dagoen herriska bat, bisitatzeko gomendioa eman digu, eta hortik aurrera ez jarraitzekoa ere.