Potosiko Kevin Renteriak emaniko gomendioari jarraiki, Villa Tunarira goaz, Chapare zonaldeko atarira. Sinistezinezkoa da 100 kilometrotan paisaia nola aldatu daitekeen. Autobusa aldapan behera doa eta landare tropikalak ugarituz dihoaz, harik eta bapatean baso tropikalean erabat sartu garen arte. Laino itxi batek gure autobusa irentsi du, kolore berde biziko landaretzak bi aldetara eztanda egin du, eta ohianeko piztien hotsak lehiatilatik sartzen dira.
Koka landareek oso baldintza bereziak behar dituzte hazteko, eta Chaparen habitat naturala daukate. Marianok koka hostoz beteriko poltsa bat erosi zuen Uyunin, eta orduz geroztik behin baino gehiagotan hartu dugu, altuera aldaketei aurre egiteko, eta lasaitzeko, oso aproposa baita. Kareharri puska ttiki batekin nahastu, eta hostoak ahoan ditugula, bada, Chaparerantz goaz. Naturari erreparatzen diogu eta ixilik goaz. Hostoetatik ateratzen den zukua gure odolarekin nahasten ari da.
Errepideak oso kaskarrak dira, eta autobus eta kamioiek ilada kilometrikoak osatzen dituzte La Pazerako bidean. Eskuko frenoaren garrantzia hil ala bizikoa da kamioetako gidarientzat.
Noizbehinka kartel handiak irakurri ditzakegu, errepidea USAIDen laguntzari esker atontzen ari direla diotenak.
Kokaren aurkako borrokan Estatu Batuetako gobernuak halako laguntza programak prestatzen ditu. Errepide berriak kokaren negozioa ahalbidetzen duen Chapareren isolamendua hautsiko du.
Noizbehinka drogen aurkako kontrolak iragan behar izaten ditugu. Bidaiariei ez digute ia ia jaramonik egiten, eta, egiazki, niri ez zaizkit batere zorrotzak iruditzen. Estatu Batuetan trebatutako poliziek kamioiak miatzen dituzte, eta zakurren laguntzaz baliatzen dira produktu kimikoak bilatzeko. Kontroletan produktu kimikoak daramatzatenek hiru urteko espetxe zigorra jaso dezaketela irakurtzen da letrero handietan. Erretzeko edo pixa egiteko probesten ditugu polizia kontrolak.
Billarrean aritu gara arratsaldez. Paceña garagardoak edan ditugu, makilekin bolak sartzen tematzen garen bitartean. Loroen garrasien artean, karriketan Villa Tunariko herritarrak inhauterietako dantzak entsaiatzen ari dira, saya musikaren erritmoarekin, Yungetako afroboliviarren doinuekin: Saya negra, saya morena. Cómo quieres que te olvide negrita, si has sido mía. Si amarme juraste, negrita, toda la vida. Fui el primero en tu vida, negrita, yo fui el primero. Toda tu inocencia, negrita, se fue conmigo. Nunca me olvides, negra samba, por que te quiero. Nunca te olvides, negra samba, que fuiste mía. La saya es testigo de mis amores.
Link: Kjarkas, Negrita, musika bideoa.
Giro tropikalak izterrak biguntzen ditu, plastilinizatzen ditu, eta inken dantza monotonoen aldean, Villa Tunariko herritarrek maisutasun handia erakusten dute gorputza mugitzerakoan.