HUARAZ

Limatik Huarazera joanen gara. Huarazera, nik dakidala, euskaldun ugari doa alpinismoa egin asmoz. Ni baina igoaldiekin nahiko aspertuta nago. Lautada behar dut, eremu laua.

Marianok Huarazetik Iquitosera joan behar du, eta nik Amazonas ibaiaren sarreran Peru agurtzeko xedea daukat. Hori dela eta, Huarazeraino lagunduko diot. Kike zenbait egunez Liman geratuko da, Gontzalek Buenos Airesen behar du dagoeneko eta Mikelek, momentuz, Cuscon darrai, Huarazen harrapatuko gaituela agindu eta gero.

Mariano eta biok iritsi gara, beraz, Huarazera. Hiriak ez dauka aparteko interesik. 1970ean lurrikara batek 20.000 biztanleko herria birrindu zuen, eta bi biztanletik bat lur eta harrien azpian ehortzirik gelditu zen. Oraingo Huarazek 80.000 biztanle ditu eta karrika bakar batek eusten dio lurrikararen aurreko hezurdurari.

Link: Huarazeko lurrikara, testua, gazteleraz.

Hiria turismoari begira bizi da, eta Huascaran mendiak eta mendizerra beltzak nahiz zuriak mendizale ugari erakartzen ditu zonaldera. Nik ez dut 6000 metroko mendi bat igotzeko interes apurrik, ez dut sakrifikatu nahi, ez dut 'sehimila bat igo dut' esateko ilusiorik, behetik ikustearekin konformatzen naiz. Nahiago ditut paseoak igoaldiak baino.

Huarazetik hamar bat kilometrora Wilcahuain izeneko aztarnategi arkeologikoa dago, eta mendiak igo nahi ez ditudanez, usu, inguruko lekuetara ibilaldiak egiten ditut. Goizez ur termaletan bainua hartu dut eta arratsaldez Wilcahuainera joan naiz.


Cuscoko gune arkeologikoak ez bezala, Wilcahuain oso gaizki zaindua dago eta naturaren indarrak bazterrak irentsita dauzka. Hiru solairuko tenplua eta hilobi bakar batzuk mantentzen dira zutik, beste guztia sastraka eta lurraren azpian izkutatua dago. Gaztetxo batek gida lanak eskaini dizkit Wilcahuainera iritsi eta berehala. Eder du izena, 13 urte ditu, eta inken aurreko leku honen gaineko xehetasunak modu bitxian helarazi dizkit. Oso hizkera berezia darabil, erdi akademikoa, erdi ketxua. Mutiko isila da.

Link: Willcahuain, bideoa.

Itzuli behar dudanean poltsikoan nituen txanpon guztiak eman dizkiot Ederri, eta denbora osoan gure atzetik ibili zaigun beste gaztetxo batek, ilea motz-motza daukan beste haur batek, Ederrek eman ez didan informazioa borobildu du, eta aztarnategitik kanpo oraindik esploratu gabe zeuden beste bi zulo erakutsi dizkit. Gabriel García Márquezen 'El Coronel no tiene quien le escriba' liburuaren kopia faltsu bat oparitu diot, Cuscoko merkatuan erositakoa.

Perun denetarik faltsifikatzen dute. Berriki sol bateko txanpon faltsuak ezberdintzen ikasi dut. Txanponak horiskagoak dira eta huts ttiki batzuk badituzte. Turista naizenez, bidean zehar ehundaka txanpon faltsu sartu dizkidate, ea Huarazetik aurrera kopuru hori apaltzen den.