HIZKUNTZA UNIBERTSALA

Itsasuntziak bidean zehar geldialdiak egiten ditu, eta bertatik txalupa txikietan ibai ondoko herrisketara produktuak eraman eta bidaiari berriak untziratzen dituzte. Herri handiagoetan ere, ibaiak sakonera nahikoa badu bederen, itsasuntzia ibai bazterreraino hurreratzen da, eta Amazonaseko herritarren bizibaldintzak nolakoak diren ondo-ondotik ikusi daiteke .


Lehorreratu garen bakoitzean, herritarrak itsasuntziaren zai denbora dezente daramatela iruditu zait. Herritar guztiak daude baporearen esperoan. Oso baldintza eskasetan bizi dira. Haurrek arropak hondatuta dituzte eta euren lastozko etxeetan ez da hari elektrikorik edota bestelako modernitate-ikurrik ikusten. Amazonaseko kolonizatzaileak dira, aurrera egin ahal izateko ohian boteretsuari puskak jaten dizkioten gizon-emakumeak. Platanondoak eta palmondo afrikarrak ugari dira ohianarekin uztartuta bizi diren kolonia hauetan.

Bidaia zoragarria gertatzen ari da. Ikusgarria da Amazonaseko atea, oso.


Barkuak Orellana herrian bota du aingura. Tom kataluindarrak, gure artean ezin hobeki moldatutako gazteak utziko gaitu. Emakume batekin atera da barkutik eta kaian adarra jo diogu, berarekin solasean dagoen neskari masailak gorritu zaizkion arte:

-Seguru Limara itzuliko zarela, Tom?

-Emakumea, kontuz mutiko honekin... Lasaia dirudi baina erasora jotzen duenean...

Herritik buelta eman dugu. Iluntzen ari du eta gaur Argentinak Peruren kontra jokatzen du, Kopa Amerikaren lehenengo sailkatze fasearen barruan. Bidaiari gehienak partidua ikusteko irrikitan daude, emakumeak tarteko. Peruk antolatzen du aurtengo edizioa eta etxeko taldeak Amerikako futbol hamaikako indartsuenetariko bat izango du arerio. Marianok ere ez du inondik inora partidua galdu nahi. Edozein modutan, arazo ttiki bat dago. Itsasuntzia geldirik ez badago telebistaren seinalea galtzen da. Asiar jatorriko kapitainak aferari irtenbidea eman dion esaldia bota du:

-Partidua amaitu arte Orellanan geldituko gara.

Bidaiariak txaloka hasi dira, eta batek baino gehiagok kapitainarengana hurbildu eta eskua luzatu dio, ongi neurtutako erabakia izan dela agertuz.


Partidua oraintxe hasi da. Bidaiari guztiak bigarren solairura igo dira, tabernaren ondoan paratu baitute telebista. Mariano beldurrez akatzen dago. Bera da itsasuntziko argentinar bakarra, eta tripulazioa (100 peruar inguru, ingles bat eta bere nobia japoniarra, quebecoisea, Bilboko euskaldun bat eta ni neu), urduri dago, tentsioan.

Peruarrek futbola beste modu batetan bizi dute. Esaterako, oso parregarriak egiten zaizkie ostikadak, kolpeak edota futbolarien hankasartzeak, eta batipat kaltetutakoak peruarrak badira. Amazonasen bagaude ere, eta Kopa Amerika Perun jokatzen bada ere, satelitez Argentinako telebistaren bitartez jarraitzen ari gara partidua. Argentinako esatariak iritzizale porrokatuak dira, eta mikrofonoaren aurrean okurritzen zaien guztia esaten dute. Noski, argentinarren alde egiten dute momentuoro eta ez dute objetibotasun eza mozorrotu beharrik. Peruarrek gogoz egiten dute parre esatari argentinarraren iritziak entzuterakoan. Peru gailentzen bada, ongi; bestela? Ongi ere bai.

Argentinak irabazi du eta ez dute Mariano ibaira bota. Hori bai, Argentinak gola sartu duenean nire lagunak ez du txalorik egin, ez du bere poza adierazi. Poztasuna bihotzean gordetzen denean ere, oso goxoa delako.


Eltxoen zurrumurruarekin erotzear nagoela, lozorrotik atera, hamakatik salto egin, eta goikaldera joan naiz argazki kamara eta koadernoa eskuan ditudala. Goizeko 5 t´erdiak dira eta bidaiari gehienak lotan daude.

Sentsazio arraroak dakarzkit goizean ohianari nagiak kentzen ikusteak. Lainoa desagertzen doa, eta, emeki-emeki, goizeko eguzkiak hodei multzo txikiak jaten ditu. Arrantzaleak euren sareekin dabiltza eta ohianaren musika berezia gardentasunez entzun daiteke: kilkirren, txorien eta landareen marmarren nahasketa berezia. Barkuaren motorrak ere soinu hipnotizagarria ateratzen du.

Idazten ari naizelarik, urrutira, ibaiak bihurgunea marrazten du, eta hantxe hodei beltz batek zerua estali eta zaldizkoa egiten ari da. Ekaitza gugana dator. Koadernoa bustitzen hasi da. Eltxoen paradisura itzuli beharrean nago. Platerra eta edalontzia hartu eta gosaltzera joanen naiz. Goizeko 7ak dira, ordu t´erdi eman dut goikaldean.


AMAZONASEKO ARGAZKI MUNTAIA, Jandy Felizen musikarekin: