COPACABANA


Bideak oraindik blokeatuta izango direla beldurrez, Copacabanaruntz, Titikaka aintziraren zati boliviarrera, atera gara gaur bigarrenez. Errepidean harriak topatu ditugu, azken blokeoaren arrastoak, baina autobusak ongi sahiestu ditu. Autobusean bertan esan didatenez, hasierako blokeoetan ejerzitoak harriak kentzen zituen, baina kendu eta berehala beste hainbat paratzen zizkieten. Alferrikakoa zuten lana soldaduek, blokeo express hauekin.


Autobus gidariek adi ibili behar izaten dute Bolivian eta klaxona behin eta berriz erabili beharrean izaten dira, behiak, ardiak, zaldiak, astoak edo errepidetik oinez doazen gizon-emakumeak bazterretara uxatzeko.


Tarabucoko merkatuan ikusi bezala, blokeoek eragin zuzena izan dute Copacabanako turista kopuruan. 'Todo bieeennnnn' esaten duten hippi kolonbiar eta brasildarrak izan ezik, ez da apenas atzerritarrik herriko karriketan. Berriro ere, karrika nagusian Tilcaran masajeak egiten zituen emakume argentinarra ikusi dudala iruditu zait. Obsesionatua nago emakume horrekin.


Copacabanako Candelariaren Amabirgiñaren eliza herriko plazaren buruan dago. Eliza dotorea da, Boliviako katolikoen bilgune garrantzitsua. Bertatik, maldan behera eginez, Titikaka aintziraren portua dago. Urrutira, eguzkiaren irla eta ilargiarena ikusten ditugu, inken mitologian pisu handia ei duten bi irlak. Titikaka aintzirak kolore urdin bizia dauka eta bare dago.

Link: Copacabanako Amabirgiña, testua, gaztelaniaz.

Link: Copacabanako inhauteriak, bideoa.



Ostatuko nagusia gizon zahar bat da, aymara. Simonek pattal hitzegiten du espainolez, eta egiten duenean 10 boliviano ordaindu behar dizkiogula birgogoratzeko egiten du.

-Eguraldi polita, Simon!


-Bai, hamar boliviano zor dizkidazue.


-Giltzak hementxe utziko al ditugu?


-Bai, baina aurretik hamar boliviano ordaindu behar dizkidazue.


Ailegatu garenean, Copacabanan ez da alkaterik, herri anarkista da. Herritarrek kontatu digutenez, badira hiru egun alkatearen aurka altxatu egin zirela. Alkateak 'ez zuen herriaren alde ezer onik egiten', eta bere etxera jo zuten. Ia ia su eman zioten alkatearen etxeari. Alkateak etxeko lubakian defendatu zuen bere burua, eta 'armak eta dinamita bazituen'. Gaitzerdi hiritik 40 polizia etorri eta alkatea ahal izan zuten moduan atera zutela. Osterantzean, aitortu digute, hilik izanen zen dagoeneko.


Amurraina errea afaldu dugu Copacabanako merkatuan. Titikakako amurrainak desagertzeko zorian daude eta haztegiko amurrain bat jan dugu, Espainiako Kooperazioari esker eraikitako haztegiko amurraina. Oso zaporetsuak dira, ez dira Euskalherrikoak bezalakoak. Euskalherriko haztegietako amurrainek lur-zaporea daukate eta nahitaezkoa dute oliba olioaren, urdaiazpikoaren eta baratxuriaren laguntza; hemengoak, berriz, gatzarekin bakarrik goxo-goxoak daude eta haragi gorriskagoa daukate. (Agian nire goseak dastamena baldintzatzen du, ezin dut ukatu. Boidaia hasi nuenetik gose sentsazioa daukat. Ziurrenera zizareak edo amebak izanen ditut sabelan. Kabian amaren esperoan dauden txoritxoak bezala, janaria eskatzen didate beraiek ere).


Afaldu eta Titikaka aintziraren bazterrera hurbildu gara. Eguzkia sartzen ari da eta lasai gaude. Garrasi batzuek gure arreta berenganatu dute. Portutik gertu Boliviako Armadaren akoartelamendu ttiki bat dago eta soldaduak ariketak egiten ari dira. Esan digutenez, Bolivia da munduan itsasora irtenbiderik izan gabe itsas-armada duen herri bakarra. Txilek lapurtu zion kostaldea Boliviari, eta boliviarrek ez dute euren isolamendua hausteko esperantza galdu. Itsasorik gabeko marinelen garrasiak entzuten eman ditugu egunaren hondarreko orduak.

Link: Titicaca aintzira, testua, gaztelaniaz.