PARRANDAK

Ostatuko bezero gehienak israeldarrak dira, hamarretik bederatzi. Ez dakit zergatik ote den, baina normalean israeldarrak bateginik ibiltzen dira bidaiari, multzoetan. Badirudi, hor nonbait, Hego Amerikako ibilbidearen GPSan koordenatu berdinak dituztela. Gehientsuenek ibilbide bera errepikatzen dute.

Link: Israeleko motxileroen arazoak Barilochen, testua, gaztelaniaz

Afaltzen ari garelarik israeldar guztiak elkarren ondoan eseri dira, eta guk beste mahai bat okupatu dugu. Afaria iraun bitartean ez dugu israeldarrekin komunikaziorik euki. Beren kasara dabiltza, hebraieraz solasean, ostatuko langileak haragia erretzen dabiltzala. Guk ardoa erosi dugu, eta aldez aurretik erabakita genuenez fundamentuz mozkortzen ari gara. Hemendik, Balcarce karrikara joanen gara, ostatuko nagusiek taberna batetan sarrera debalde izanen dugula iragarri baitigute.

Tabernan sartu eta taldea alde guztietatik sakabanatu egin da. Kike eta Tomas mundua konpontzen ari dira, garagardoa eskuan. Mayra israeldar batzuekin dabil, eta oso gustora dagoela antzematen zaio. Jael goiz itzuli da ostatura, eta ni Ezequielekin nabil, tabernatik jira-biraka.

Ezequiel fenomenoa da. Tabernako emakume gehienekin hitzegiten ari da. Ez du lotsarik, ez zaio inoiz hizketagairik falta, eta ez dio porrotari beldurrik. Ni baino gazteagoa da, baina amodio kontuetan irakasle fina.

Israelgo nesken artean beltzaran bati erreparatu diot. Afaritik begiekin segika ibili natzaio. Ez da Europaldeko judutarra, askenazia, txuri-txuria eta begi nabarretakoa. Larrua iluna du, ilea kixkurra, begiak beltz-beltzak, eta gorputzez ez da sobera argala: kurbak ongi finituta dauzka.

Ezequielek, deus aipatu gabe, israeldarra begiratzen ari naizela nabaritu du. Guztiz atxurtuta banabil ere, lotsa apur bat ematen dit aurkezpenen kontu honek, eta arren, eta mesedez, fitsik ere ez esateko eskatu diot lagunari. Aise nabaritu ditut bere asmo ilunak eta Euskalherriko ohiturari jarraiki, beste garagardo bat edan nahi dudala aipatu diot handik ospa egiteko.

Itzuli naizenerako, Ezequiel Dorisekin hitzegiten ari da, horrela deitzen baita neska israeldarra: Doris. Pentsatzeko astirik gabe, neska aurkeztu egin dit, eta neskari masailean musua ematen diodan unean Ezequiel desagertu egin da. Bakarrik utzi nau Dorisekin. Hostia. Eta gainera inglesez aritu behar. Baina tira. Ongi moldatzen ari naizela esango nuke. Harrituta nago nire ingles mailarekin. Harrituegia. Mozkortzen ari naiz Dorisen begi beltzetan. Eta bapatean musua eman diot, ezpainetan. Baina mozkortuta nago. Eta dantzan ari naiz. Eta Hegoafrikako emakume batekin dantzan hasi naiz. Eta Doris non sartu ote da? Eta haserretu egin dela. Eta ospa egin duela. Eta mozkortuegia nagoela. Eta taberna itxi behar dutela. Eta bueltan goazela. Eta barre algarak bideo gelan. Eta kiratsa. Eta beroa. Eta ametsak.

Batzuetan pentsatzen dut dena kospirazio handi bat dela, mundu guztia dagoela, egon, ni bezain izorratua. Irrifarrak laguntza eske egindako garrasiak direla, konplot handi bat dagoela, Irrifarraren Internazional Fariseoarena. Guztiak daudela, egon, ni nagoen bezala: izorratua.

Egundoko burukominarekin altxatu naiz gaur. Bostgarren eguna dut Saltan eta mozkortu besterik ez dut egin; mozkortu eta behi puskak jan. Balcarce karrikan giro polita dago, baina lehen hiria behar nuen bezala, orain hiritik atera beharrean ikusten dut neure burua.

Bart errezitaldi tradizional batetan izan ginen. Zonaldeak oso folklore aberatsa dauka, eta gozatu ederra hartu genuen. Ardo litro andana pasatu zen gure mahaitik. Ostatuko nagusi batekin haserretu nintzela gogoratzen dut, ostatuan begiztatu nuenez geroztik gorrotatzen nuen hipokritarekin. Tabernan edalontzi mordoa apurtu genuen. Txistu egin ziguten. Iskanbila ederra sortu genuen. Rancherak abestu genituen.

Eta Ezequielek eta Mayrak elkarrekin agortu zituzten gauaren ondarreko orduak. Eta ostaturako buelta farolei besarkatuta egin nuen, Vicky izeneko neskatto baten laguntzarekin. Eta Tomas desagertu egin zen. Eta Kike ere. Eta triste nago Mayra Ezequielekin joan delako, baina ez du erremediorik. Eta pozik nago aldiberean, biengatik.

Ohetik altxatu eta Mayrari besarkada handia eman diot. Lehian kiroltasunez aritu gara bederen. Galdu dut. Ni naiz galtzailea. Kike, Tomas eta hirurok gara galtzaile.


Bihar Saltatik atera eta Tilcarara joango gara. Tilcara Argentinako Andeetako herri bat da, eta inguruak oso ederrak omen dira. Hantxe desegingo da gure behin behineko koadrila.

Altxatu naizenerako bideo-gela hutsik dago. Ken Loach-en 'Tierra y Libertad' ikusiko dut. Tentsioan eman ditut pelikularen bi orduak. Aurretik ikusita neukan ere. Biguinegia jarraitzen dut. Sentiberatasunaren tontorrean nagoela esango nuke. Bakarrik nago eta negar egin nahi dut.

Link: Ken Loach, Tierra y Libertad, testua, gaztelaniaz.

Malkoen arrastoak ongi garbituta, gosaltzera joan naiz. Esne gozoa, edo dulce de leche, ogi xigortua eta kafea. Mayra eta Jael sukaldean agertu dira ere, eta Kike kanpoaldetik saltoka dator. Ziur nago berari ere Mayrarenak min egin diola. Liluratuta mantendu gaitu, lerdea ezpainetan, Ezequielen xarma eta eraginkortasunak errealitatera itzuli gaituen arte.

Saltan funikularra dago eta bertara goaz. Errespetoa izan diet beti katxarro hauei. Igoaldian ez naiz batere mugitu, tramankuiluak oreka gal ez dezan. Esku bat kristalari itsasita izan dut, horrekin, erortzekotan, katxarroari eutsiko diodala sinestuta. Haizeak gogor jotzen du eta Salta osoa ikusten dugu gainetik. Hiria polita da, berdea. Hemendik gertu kotxeendako abiadura pista bat dago, eta noizbehinka kotxeen burrunbak aditzen dira. Ixilik gaude, elkar ezagutzen dugunaren seinale. Ixilik eta gogoetatsu. Mayrak erosi berria duen txano baten azpian izkutatzen du bere burua. Oinez jeitsiko gara hirira.

Zuhaitzen artean bere begiradaren peskizan nago, eta sustraiak torlojuen bitartez itsasten dira zoluan. Iris bilatzailea naiz, gelatinazko barraskiloen ehiztaria. Usoek harridura aurpegia jartzen didate eta zakurrak segika ditut. Utzidazue, zuhaitzok, Mayraren begiei erreparatzen, la hostia!