EGUZKIAREN IRLA


Turistendako txalupa batetan egokitu eta Eguzkiaren irlaruntz abiatu gara. Goizean goiz atera gara. Turista gehienak txaluparen goikaldean eseri gara, aintzira hobe ikusiko dugulakoan. Laister goizeko freskotasuna ortzemugaren erromantizismoari gailendu zaio, eta behera jeitsi gara. Copacabanan ezaguturiko argentinar batek irlaren portuaren bestaldean Tomas izeneko gizon bat bakarrik bizi dela esan digu, eta gelak oso prezio merkean alokatzen dituela.


Txalupaz Inti jaungoikoa (eguzkiaren jaungoikoa) jaio zen irlara iritsi, eta akaberarik gabeko eskaileretatik herria alderik alde gurutzatu dugu. Tontorra zapaldu dugu, eta hango herritarrei galdetu eta gero, Tomasen etxea aurkitu dugu. Tomas isolatuta bizi da irlan, bi itsasuntzi ttiki ditu eta ez du elektrizitaterik. Baratzean ari da berarekin elkartu garenean. Ea zergatik ez ditugun emakumeak ekarri galdetu digu, haserre antzean. Ezkonduta dago, baina nahiago du irlan bakarrik bizi.


Hamaika pasadizo kontatu dizkigu. Aspaldi batean, esan digu, Ilargiaren irla prisondegia zen. Tomasek preso batzuei ihes egiten lagundu zien, baina ihesaldia gaizki atera eta presondegi horretan bertan espetxeratu zuten. Kaian dituen bi txalupekin koka kontrabandoa egin izan du, Titikaka aintzira Bolivia eta Peru artean zabaltzen baita.

Link: Isla del Sol, testua, gaztelaniaz.

Link: Kontrabandoa Titicacan, testua, gazteleraz.



Iluntzearekin batera argizarien argi motelak gure etxolatxoaren atmosfera bete egin du. Erdi txantxetan Tomas gure hilobiak prestatzen ari dela esan diogu elkarri, lehiotik baratzean aitzurrarekin zulo handiak egiten ikusi dugu-ta. Gau itxia da eta koartoan zorrien presentzia igerri daiteke. Lokartzear gaude Tomasek atean kolpe handiak emanez iratzarri gaituelarik. Atea zabaldu diogunean, ezin izan dugu irrifarra izkutatu. Tomasek pala handia dauka eskuan eta arraro begiratzen gaitu.

-Zer dela eta ari zarete parrez? Eta usai hau? Mariguanoak al zarete?


Esnatu eta irla iparraldetik hegoaldera gurutzatzeko xedeaz oinez hasi gara. Goizeko 5etan atera gara Tomasen etxetik. Turista gehienek uretan ematen diote buelta irlari, turistaguneak bisitatu eta itsasuntzira berriz igotzeko. Guk ez dugu atzerritarrik aurkitu gure ibilbidean eta patxadaz gabiltza, bakoitza bere erritmora.


Iparraldeko muturrean inken aztarnategi bat aurkitu dugu. Herritar guztiak ari dira bertan lanean. Inguruak garbitzen ari dira auzolanean eta, kasu batzutan, aztarnategia berreraikitzen ari dira ere. Arkitektorik gabe burutzen dituzte berreraikitze lanak, eraikinak are eta ikusgarriagoak izanda turista gehiago etorriko direla aski ongi baitakite.


Tenpluaren hormetan atseden hartu eta guztiz abailduta Copacabanara itzuli gara. Blokeorik ezean, bihar Boliviako muga gibelean utziko dugu.