SUFI KOMUNITATE TRUCHOA

Ariel eta bere nobia ponpoxarekin 'sufi' -en komunitate batera hurbildu gara. Arielen nobia erlijio arraroen zale porrokatua da, eta, ez dakit zergatik, baina inuxenteki Turkiatik etorritako sufiekin topo eginen nuela pentsatu dut txangoaren berri eman didanean. Trukean, Rosarioko hiru sufi aurkitu ditut, bi emakume eta gizon bat. Gizonak bizar luzea darama, talibanen gisakoa, eta emakumeek burua zapiarekin estalita daukate. Egurrezko etxe prefabrikatuetan bizi dira, bakoitza berean. Ez dut laugarren sufia, 'gidaria', ikusteko betarik izan, eta bere etxearen aldamenetik igarotzeko debekua ezarri didate. 'Gidariak' hauntzak hazten ditu, eta errespeto handia diote. Arielen nobia reiki saio batetan geratuko da, eta Arielek aurpegi tratamendua jasoko du. Nik ez dut ezer eginen.

Link: Argentinako Sufiak, web orria, gaztelaniaz

Inguruetatik pasiatzera atera naiz. Paseoan Francisco Ceballos izeneko nekazariarekin elkartu naiz. Nekazaria zaldiekin dabil. Badira hiru egun zaldi bat zikiratu zuela, eta hauts kimikoekin sendatzen dizkio zauriak. Franciscok ea 'hoiekin' ote nabilen galdetu dit. Nik ezetz erantzun diot. Luze solastu gara 'sufia' ez nintzela argitutakoan. Adobezko etxeak egiten maisu dela esan dit lepoan zapi gorria daraman nekazari txiroak.


Itzuli eta komunitate sufiko emakume batek 'profetaz' hitz egin dit. Pasa den urtean, Txipren, sufien buruzagia bisitatzen izan zela erantsi du. Beste emakumeak buruarekin baiezkoa egiten du aldioro, eta Arielek exaxolati begiratzen die. Tratamenduaren ostean, aurpegia gorri-gorria dauka nire lagunak.

Arabiarrez ba ote dakiten galdetu diet, eurek eginiko mermelada -puskak eta guzti- irensten dudan bitartean. Taoismoa besarkatu zutenean txinera ikasten ahalegindu zirela azaldu didate, eta nolabaiteko eskarmentua jaso zutela. Orain arabiera ikasten ari dira, baina oso zaila omen zaie, eta ez dute presarik. Sufien kantak ikasi dituzte, eta arabiera jakin behar izan gabe, doinuekin profetaruntz bidaiatzen dute. Hurrengo batean dervicheen dantzak erakutsiko dizkidatela agindu didate.

Nik badakit ez dela hurrengo bat izanen, baina proposamena ontzat hartzen dudala erakutsi diet, bizitzan hain beharrezkoak diren hipokresi ateraldi horietariko batekin.

New Yorkeko atentatua CIAk prestatu zuela esan digute amaitzeko, Al Qaeda CIAren asmakizuna dela, eta abar.

Gaitzerdi Arielen nobia laister etorri dela. Gose nago eta gaur gauean Arielen anaiarekin, Marinetti izeneko batekin eta 'El Vasco' esaten dioten beste batekin afalduko dut.