MARIA

Sustoa eman diot Mikeli. Ohatzetik jeikiarazi dut laguna. Ez zuen nire bisita espero, itzuliko nintzenik ere ez zuen uste. Kontent gaude. Gipuzkoarra eta biok bapo gosaltzeko deliberoa hartu dugu eta Sol karrikatik gertu dagoen gozotegi batera egin dugu. Artoz eginiko opila gozoa jaten da bertan.


Eta horretan gaude, kafe baten arrimora. Bai ona, Santa Teresako, La Convención bailarako, kafea. Zerbitzariak txutxumutxuka dabiltza eta, egia esateko, bizipoza eragiten didate, gozagarria egiten zait amodioaren jokoa. Goizeko haizea eta kotxeen burrunba lehioetatik sartzen dira, nahasita. Zerbitzariak oso neskatila gaztetxoak dira eta gogoz egiten dute lan, emakume gazteen energia berezi horrekin.


Artopila irentsi eta kafearekin gaudela, Mikelek Cuscon ezin gustorago dagoela aitortu egin dit, eta itzulera pittin bat atzendu asmo duela, Mexikoraino lurrez joan beharrean zuzenean hartuko duela Limatik abioia, azken minutuak agortu arte.


Faborea eskatu diot Mikeli. Mariak, nire lagunminak, ez daki Cuscora iritsi berria naizenik. Telefonoz deitu diezaiola eskatu diot, eta berarekin hitzordua jar dezala, zerbait inportantea esan behar diolakoan. Mikelek proposamena onartu du, Mariari deitu eta arratsaldeko 5etan, Regocijo plazaren iturrian, jarri du hitzordua.


Bai besarkada luzea Maria eta bion artekoa! Ohi duen bezala, Maria berandutu egin da, baina oraingo honetan itxaronaldiak pena merezi izan du. Ezin sinetsi dabil. Bere bi begi marroi finek benetazko sentimenduak komunikatzen dizkidate. Badakit. Ez dut beste ezerren beharrik. Bidaian egin dudan lagunik onenetarikoa da Maria, berak zabaldu dizkit Peruko gizartearen ateak.


'Kafe goxoa dagoen lekuan, ezin da ezer txarrik egon' irakur daiteke Gustavoren kafetegian. Cuscon oso kafe ona ekoizten badute ere, nekeza da hirian kafe ona ematen duen tabernaren bat aurkitzea. Gustavorenean kafe zaporetsua prestatzen duen txoko bakan horietariko bat da, nire babeslekua. Kafetegiak hormetan Borges, Vallejo, Arguedas eta Bryce Etxenikeren argazkiak eskegita ditu, eta hiriko tertuliano eta alprojen biltokia da. Gustavok jo ta ke erretzen du eta beti kexuka dabil. Negozioa gaizki doakio eta kafeak zor dizkiotenen zerrendak bi koaderno bete ditu.

Mariaren begi-komunikazioa irentsi dut kafearekin batera, leuntasunez.