Egunen joandaetorrian, Ayahuasca edo ketxueraz 'hildakoaren soka' esaten dioten drogarekin eukitako esperientziaren gainean hausnarketa egiteko astia izan dut. Santa Fe rantxoan drogarekin euki nuen borroka psikologikoak esanahi bat izan behar duela komentzitua nago, zerbait azaldu nahi izan zidala.
Hartu eta gero hobeki konprenitzen ditut indijenen artelanak, kolore biziak, marrazki surrealistak, margoen atzean izkutatzen den naturaren oreka berezia. Nik ere hala ikusi nuen mundua. Natura armonian zegoen, oreka borobilean, eta ni naturaren zati bat besterik ez nintzen, naturaren puzzlean zatitxo bat besterik ez.
Ayahuaskak ere nire hesteak garbitu zituen, eta parasito gehienak desagertu egin direla esanen nuke. Ez dut sabela puztua. Orain, nire buruarekin gustora sentitzen naiz eta horretan ayahuaskaren esperientziak zerikusirik izan duela pentsatu nahiko nuke.
Peruko gizartea, eskuarki, nahiko matxista da, eta gizonek behar baino gehiago kontrolatzen dituzte euren neskalagunak, hauen telefono mugikorrak, ateraldiak. Ayahuaska hartzera doazen bisitarien kasuan, esaterako, Artidoro chamanak bi neurri darabiltza. Peruarrei dosi ttikiagoa ematen die, aunitzetan ospakizunak oztopatzen dizkiotelako. Peruko gizonek neskalagunen 'bizitza sekretuak' eta halakoak ikusi asmoz hartzen dute ayahuaska, eta uneoro garrasika eta ohiuka egoten dira, Artidorok behar duen konzentrazioa hautsiz. Artidorok nahiago du europearren jarrera, balizko ispiritualitate baten bila goazenez errazago sartzen baikara berak prestaturiko zeremonia arraroan.