Cuscon bi taberna mota dago, batzuetara peruarrak doaz eta besteetara atzerritarrak. Taberna bati, Mama Afrika-ri, berriki isuna jarri diote peruarrei sarrera galerazteagatik. Atzerritarrok ez dugu problemik ezein tabernatan tiketa ordaindu gabe sartzeko, baina gringoendako tabernetan peruarrei mota guztietako trabak jartzen dizkiete. Maria eta biok oraintxu horietariko batetan gaude, kutsu irlandarra duen taberna batean, Happy Hour garaian, frantziarrez eta alemaniarrez inguratuta. Hegoaldeko hemisferioan negu gorrian gaude, eta hotza demasakoa da Cuscon. Bloody Mary bat eskatu dut eta Mariak kokoarekin nahastutako edari arraroren bat.
Atzerritarrekin espreski lan egiten duten tabernen zerrenda luzea da: Mama Afrika bera, Mama America (israeldarrak joaten dira honetara), Mithology, Ocucus edota espainolen biltoki den San Blas auzoko Km 0 taberna.
Link: Cuscoko tabernak, informazioa
Mariak kontatu didanaren arabera, uztailaren 7an, ni Huarazen nengoela, Km 0-ko nagusiak zezensuzkoa atera zuen San Blaseko karrika meharretatik barrena. Telebistako kazetariei agertu zienez, behinala Iruñean ez genuen zezenen aurrean lasterka egiten, zezensuzkoaren aurrean baizik, eta zezenak ateratzeko ohitura zezensuzkoarena baino berantago ezarri omen zela. Urtero uztailaren 7an zezensuskoaren ohiturarekin jarraitzeko asmoa zuela gaineratu zuen ezpainekin mikrofonoa irensten zuen tabernariak.
Mariak ez du ongi ikusten Espainaldetik halako ohiturak ekartzearena. Bere familian espainolei gorrotoa diete. Aurretik ere Mariak aipatu zidan ez zela batere eroso sentitzen taberna honetan, atzerritarra sentitzen zela.
Ni bitan izan San Blaseko tabernan. Ezagutu orduko, nagusia dirua besterik bilatzen ez duen jator itxurako pertsonaia iruditu zitzaidan. Lehenbizikoz izan ginelarik Argentinako rock talde batek jotzen zuen eta oso jende gutxi zegoen tabernaren barruan. Tabernaren izena Ismael Serrano kantariaren omenez aukeratu ote zuen galdetu nion. Tabernariak ez zuen Ismael Serrano ezagutzen, baina aitzaki honekin ordu laurden batez-edo hizketan ibili ginen.
Link: Km 0 tabernaren web orria
Handik bi egunetara Villazoneko mugan ezagututako Kataluiniako bi neskekin batera ikusi nuen, Ocucus tabernan, Plaza de Armasetik gertu. Agurtu nuenean tabernariak burua bestaldera jiratu zuen, ezagutuko ez banindu bezala. Hipokresia mota honek beti asaldatu egin nau, eta mozkortu xamarra nengoenez 'tontolaba' bota nion aurpegira. Pokerrera galdu duen jokalariaren aurpegia jarri zuen tabernari espainiarrak.
Bloody Mary-a edan eta Plaza de Armasetik paseoan gabiltzala, mozkortzeko prozesuan dauden atzerritarrak driblatu behar izan ditugu. Bien bitartean, Plaza de Armaseko arkupeetako txiroek azken traguak hartu, eta maindireak eta kartoiak prestatzen dituzte gau hotzari aurre egiteko.