BABARRUN EZTANDA

Perun Cuscoko biztanleak kontserbadoretzat hartzen dituzte, mendialdeko biztanleen izakera ei dute. Emakumeek, adibide bat jartzearren, sekretupean mantentzen dituzte euren harreman sexualak, eta emakumeen arteko konplizitatean ere norbaitekin larrua jo izana tabua da. Birginitatea bertutea da, eta gizonek zulatu gabeak nahi dituzte.


Oso arraroa da baita ere gizon bat sukaldeko lanak egiten ikustea; guk, gure bi lagunei sorpresa ematea erabaki dugu, hauek txunditu nahian-edo. Bidaian arroza eta espaguetiak nagusitu dira gure menuan, gaur babarrunak prestatuko ditugu, Euskalherrian Raimunda amonatxoak prestatzen zituen bezala.


Goiz goizetik merkatura joan gara eta beharrezko osagaiak erosi ditugu: babarrunak, tipulak, azenarioak, azelgak, odolkia, patatak eta txorizoa. Luisen emazteak errieta bota digu babarrunekin gas asko gastatuko dugulako, eta babarrunak presio-eltzean egosteko mandatua eman digu. Tutik esan gabe, obeditu egin diogu, eta hantxe gaude, Rose eta Mariaren begiradapean, gure bazkariaren esperoan.

Ordubete igaro delarik sua itzali eta eltzetik baporerik ateratzen ez dela ongi frogatuta, nik neuk zabaldu dut pertza. Punba! Egundoko leherketa jazo da. Lurrinak, eta babarrunek, metralla izaki nire aurpegiaren kontra jo dute eta XVIgarren mendeko sukaldeko hormak erabat zipriztindu ditu.

Leherketak leherketa, pertzari halamoduz eutsi diot, kirtena askatu gabe, eta, laister baino laisterrago, aurpegia urarekin bustitzera joan naiz.. Azkurea ikaragarria da. Rosek tomate bat fin-fin zatitu eta tomate-xerrekin aurpegia estali dit. Groseko hondartzan eguzkipean hamar orduz ibili den Alemaniako turista bat bezala sentitzen naiz, tomate-aurpegi-tratamendua jasotzen. Sukaldea hankaz gora gelditu da. Zorionez, Luisek eta bere emazteak ez dute eztanda aditu, ondoko koartoan telebistari begira badaude ere.

Korrika eta presaka, arrastoak garbitzen tematu gara. XVIgarren mendeko hormetan, sekula ezabatuko ez diren babarrunen arrastoak itsasita gelditu dira. Halarik ere, sukaldea nahiko ongi garbitu dugu. Inoiz baino txukunago dago. Luis sukaldean  tea edateko ur beroaren bila sartu delarik ez du ezer arrarorik somatu:

-Puuucha zelako afaria! Zer duzu aurpegian, vasco?

Hori bai, pertza lurrera erori ez denez, kanpora salto egin ez duten babarrunak jan ditugu, eta oso goxoak daudela onartu dugu, aho batez. Goilara ezpainetara eraman dudan bakoitzean nire kartoizko aurpegiaren tolesdurak nabaritu ditut.


Vaud kantoitik, Suizatik, talde folklorikoa etorri da Cuscora. Emankizuna eskainiko dute Cuscoko udal antzokian, musutruk. Halakoetan gertatzen denez, jendea animatu egin da. Lerro luze bat dago ateak zabaldu zain. Nire aurrean hiru neskatila daude, oso biziak hirurak. Txikleak eta tabakoa saltzen dituen emakume bat hurbildu zaie. Saltzailea neskatila baten ama da. Alabak ordua galdetu egin dit:

-Barkatu jauna, ze ordu da?


-6ak eta hamar.

Nire ahozkeraren doinu bitxia somatu eta neskatila parrez hasi da. Jarraian, kezkatuta, noiz demontre sartuko diren galdetu dio amari, emankizuna 6etan hastekoa zen-eta. Amak zera erantzun dio:

-Noiz hasten dira gauzak garaiz gure herrian? Arraroena emankizuna seietan hastea izanen litzateke!

Link: Puntualitatearen aldeko kanpaina, testua, gaztelaniaz

Suizako zonalde frantziarreko dantzariek trebezia handia erakutsi dute ikurrinak airera bota eta berriz eskuratzeko orduan, eta hiru neskatilek kontzentraturik jarraitu dute emankizuna. Nik lan mordoa izan dut babarrunen osteko puzkerraldia baretze aldera. Uzkiko atea itxita mantentzea lortu dut behinik behin.

Link: Wikipedia, Vaud kantoia, gaztelaniaz


Mikel eta biok nekatzen hasiak gara ostatuarekin. Aurpegi irrifartsuen atzean dolar egarria baino ez da izkutatzen. Mikelek Cuscon luze geratzeko asmoa dauka eta apartamendu baten bila dihardu, merkeagoak izateaz gainera intimidate handiagoa izatea lortuko baitu.



Ostatuko nagusiak okerrera egindako familia aberats baten ondorengoak dira, Quillabamban konkista garaian ezarritako familia euskaldun baten ondorengoak. Luisen emazteak eta Liman bizi den ahizpak partekatzen dute ostatuko eraikinaren jabetza, eta oso harreman kaskarra dago euren artean. Erdi bana dagokie, eta aldiro epaitegietan dabiltza lur puskengatik lehian. Luis nahiko alferra da eta ameskeriz beteta du burua. Emaztea kazetaria da, histerikoa, eta Samuelen eskuekin egiten ditu bere eskuekin egin beharko lituzkeen eginbeharrak: -Samuel, bila itzazu nire galtzerdiak. Samuel, zoaz Alkazeltzer bat erostera. Samuel, prest al dago nire gona? Samuel, erosi al dituzu pilak?

Luis hasiera batetan gizon jatorra iruditu zitzaigun, baina bere diru-gosea baldarki azaleratu eta gero, gure usteak ustel gertatu dira. Luisek hiru seme-alaba ditu. Seme nagusia militarra da. Txile eta Peruren arteko mugak zelatatzen ditu, hain preziski, eta oporren garaian Cuscora etorri eta egunak edan eta edan ematen ditu. Beste bi alabak jasanezinak dira. Goiz goizetik builaka hasten dira, garrasien bitartez komunikatzen dira, eta beti kexuka dabiltza: -Ni naiz klasean zelularra ez duen bakarra. Oso diru gutxi ematen didazue. Pobreena naizela pentsatuko dute nire ikaskideek!