TURISMOAZ

Maiz zalantza izaten dut. Ez dakit zertarako egiten ditugun bidaiak, bidaiaz edota etxera bueltatzerakoan lagunei kontatuko diegunaz gozatzeko. Argazki edo bideokamerekin jo eta ke gabiltza, argazkia bera bisitatzen ari garen lekua baino inportanteagoa izanen balitz bezala.


Berdin dio Bangok, Baku edo Paris. Turista batzuk ez dira kristalezko hormetatik ateratzen. Lehio handiko autobusetan bidaiatzen dute harat honat, kristalez inguraturiko jatetxeetan gosaltzen dute euren sorlekuetan jango zuten gauza bera, kristalezko burbuiletan bizi dira harriak gizakiak baino inportanteagoak bailiran.

Haur indijenen argazkiak oso preziatuak dira eurentzat, pedofilia kasu arraro bat da. Turistak ez dira gizartean murgiltzen ahaleginduko, baina ateratako argazki mordoan, ezinbestez, haur pobre baten aurpegia isladatu beharra dago, ondoren, lagunekin bidaiaz ari direla, kafe beroa eskuan, Lehenengo Munduko bizitza kalitatea behar bezala estimatzen ez dugula agerian uzteko.


Haurrek, baina, atzerritarren zaletasunak ezagutzen dituzte, eta irrifarraren truke dirua aldarrikatzen dute. Indijena bakar batzuentzat profesioa bilakatu da kasik atzerritarrendako modeloarena egitea.


Familia osoa jantzi tradizionalez jantzita doa Waynapata karrikatik, turismo ikuskizunarendako propio ekarritako llama ttiki bati tiraka. Atzerritar batek halako irudi folklorikoa ikusi eta zaka! Argazki kamara hartu eta botoiari sakatu dio. Indijenek momentu batez lotsatiaren plantak egin dituzte. Handik gutxira, atzerritarrari eskua luzatu diote, diru eske, zaka!