Asteburua Calcan eman dugu, Cuscoko herriska batetan. Mamacha Asunta amabirgiñaren eguna ospatzen dute eta hantxe gaude Maria eta biok, jaigiroan.
Harrigarria da Cuscon desfileak egiteko duten afizioa. Talde bakoitzak berezko janzkerak ditu eta indiarrek arretaz jarraitzen dituzte desfileak, anticuchoak, chicha, arropak, zapatak, porlanezko irudiak edota mota guztietako belarrak saltzen dituzten postuen artean.
Link: Mamacha Calcakoa, bideoa, gaztelaniaz.
Indiarrek harrotasun itsu eta sakonarekin elizatik amabirjiña atera dute, eta atzetik dantza taldeak datoz, euren janzkera eta maskarekin: sudur luzeko gizon beldurgarri eta parregarriak, begi berdeetako jostailu itxurako emakume zuriskak...
Gizon batek etorkizuna iragartzen du taula baten gainean dagoen tximino ttiki baten laguntzarekin, emakume indiar batek besoekin Tiovivoa jiratzen du, 'La internacional Sonia Morales' abeslariaren doinuak nonnahi aditzen dira, emakume batek erdi arrastaka bere senar mozkortua etxera eramaten ahalegintzen ari da, haurrek mazamorra eta jelatina jaten dute, neska gazteak dotore doaz euren amoranteen bila, apaizak bozgoragailuen bitartez ordena ezarri nahi du elizaren atarian...
Link: La internacional Sonia Morales, musika, bideoa.
Karriketan udaletxeak esaera zaharrak eta lapurrendako oharrak biltzen dituzten kartelak paratu ditu: 'Lapurra, gaur zure hileta elizkizunak izan daitezke', 'Goiz altxatzen denari jaungoikoak laguntzen dio', 'Ama sua, ama llulla, ama quella'.