Banderek niretzat balkoietan eskegitako trapuen balio berbera dute, baina Cuscon euskaldunon ikurriña ikusterakoan bihotza bigundu egin zait, nire sukaldeko trapua baita. Iparraldeko dantzari taldea etorri da Hogar Campesino-n dantza emankizuna ematera. Aurkezpenean ketxueraz, espainolez eta frantsesez hitz egin dute. Nere onetik atera naiz. Dantzariek oso ongi egiten dute dantza, maisutasunez, oso ikurriña handia darabilte, baina ez da inondik inora euskararen musika aditzen.
Dirua agortzen ari zait eta koartoan Eric Claptonen musikarekin lokartuz noa. Ez dut sobera laket, baina malenkoniatsu nabil eta aldarte honetarako egokia izaten ahal dela deritzot. Orain bai sartu naizela bidaiaren azken txanpan, azken txanponetan. Denborak aurrera egin ahala, lehenengo hilabeteetan dirua gastatzeko neukan neurria aztoratuz joan da eta taxu gabe xahutu dut. Ez dakit nola moldatuko naizen Buenos Airesera iritsi ahal izateko.
Link: Eric Clapton, musika bideoa, I shot the sherif
Euskalherria gertu dakusat, gertuegi, eta ostatuko Canal Vasco-ri esker ezer gutxi aldatu dela konprobatzerik badut. Normala da, ez dut horrenbeste denbora eman kanpoan. Dena dela, aldaketa garrantzitsuren bat izanen zela pentsatzen nuen. Ez ba, Bilboko Aste Nagusia, Iruñeko gaztetxearen aurkako eraso poliziala, auto istripuak, Donostiko hondartzak, suteak, Carlos Sobera eta txutxumutxukeriak, presoen aldeko ekitaldiak.