Cuscotik Arequipara joan naiz. Arazo ekonomikoak direla medio, Yngrid lagunari egin beharreko bisita bertan behera gelditu da. Ahalik eta agudoen, nola edo hala, Mendozara iritsi beharra daukat. Boliviatik itzuli nintekeen, baina motzago, eta erosoagoa omen da Txiletik egiten badut: Cusco-Arica-Santiago-Mendoza.
Goizeko 5etan Arequipan nago eta ordu laurden baten buruan Tacna-ra eramango nauen autobusa irtengo da. Ur litro bat eta ogi poltsa bat erosi ditut Arequipako geltokian, eta Peru eta Txileren arteko mugaldera abiatu naiz.
Eguerdian, Tacnan, taxi kolektibo handi bezain zahar batetan eseri eta, bi aldetara minak sakabanaturik dituen errepide batetik, muga postura ailegatu naiz.
Txilen 'Lehenengo Mundura' bueltatzen naiz: bulego diztiratsuak, begirada profesionaleko poliziak, miaketak. Polizia kontrolak oso serioak, oso zorrotzak, gertatzen ari dira eta bistan da jendeak errespeto handia diela. Taxian nirekin datorren bikoteari Perutik ekarritako cd kopia guztiak kendu eta beren aurrean birrindu dizkiete. Bikotekideek ez dute tutik ere esan. Burua makurtu, maletak itxi eta taxian sartu dira.
Txileko txanponetan 'Por razón o por fuerza' esaldia irakurtzen ahal da. Ez dakit esaldia Pinocheten garaikoa ote den, baina aurrerantzean nik ere horrela maneiatu beharko dut patrikan daramadan diru apurra.
Aricako kaian pasatu dut eguna, kostalde idorrean ibiltari. Arratsalde partean irtengo da Santiagoruntz garraiatuko nauen autobusa. Sabela kexu da: azken 20 ordutan hamar bat ogi opil jan ditut, eta litro bat ur: espetxe-menua.
'Flota Barrios' konpainiakoa autobusean noa Santiagora, autobus zahar batetan. Txile erdia gurutzatu beharko dut.
Arnasa hartu dut. Ondoan Ignacio daukat, Villa del Marreko txiletarra, gizon serioa, hitz gutxikoa, uste handikoa, enpresa gizona, Liman bizi izandakoa, bizarra guraizekin xehetasunez mozten duten horietarikoa, begiei so egiten ez duen pertsona, kopeta ilunekoa, atzerriko gaietan oso jantzia, eskubitarra.
Antofagastatik igarotzerakoan Boliviarekin akordatu egin naiz, Titikakako itsasorik gabeko marinelekin. Higaturiko mendi marroiskek ilargiaren geruzaren itxura ematen diote Txileren menpe dagoen lur puska honi, eta aurrera goazen neurrian koloreak ilunduz doaz. Oso nekatuta nago. Arratsaldeko lokuluska 6 orduz luzatu da. Altxatu naizelarik ilargiak jan du autobusa.
Link: Boliviako Itsas Armada, testua
'Los Heroes' geltokian nago, Santiagon, Ignacioren arabera 'Londres izan nahiko lukeen' hirian. Ordu gehienak lotan eman ditut eta, belaunetako mina izan ezik, jada ez naiz nekatuta sentitzen.
Autobusarekin karrikak gurutzatu ditudanean hiri grisa iruditu zait Santiago, baina, noski, ez naiz hiria epaitzeko gai, ez baitut behar adina ezagutzen. La Paz-ekin gertatu bezala, etorri aurretik ere hala, errauts kolorekoa, izanen zela suposatzen nuen, eta oso baldintzatua iritsi naiz Te recuerdo Amanda eta La Monedako jauregiko Santiagora, kutsatua.
Mendozako txartela erosi eta bueltatxo bat eman dut hiritik barrena. Cuscoko oroitzapenak, Mariarenak, behin eta berriz pausatzen dira nire buruan. Ezin ditut alboratu.
Autobus geltokian musika klasikoa, dentisten kontsultetan jartzen dutenaren gisakoa, aditzen da. Santiagon pobre asko badago ere, iñork ez du ozenki hitzegiten, jendeak lerroak errespetatzen ditu, saltzaile anbulante gutxi dago, gizon-emakume gehienak txukun jantzita doaz, baina bizipoza falta zaiela pentsatu dut. Europa gogora ekartzen didalako edo Cusco utzi dudalako, ez baitakit, triste sentitzen naiz Txilen. Oraintxe bertan, Peru eta Boliviako nahaste-borrasteak, ikutu surrealistak, beharko nituzke. Eta zopa platerkada beroa.
Te recuerdo Amanda, la calle mojada, corriendo a la fábrica donde trabajaba Manuel. La sonrisa ancha, la lluvia en el pelo, no importaba nada, ibas a encontrarte con él. Son cinco minutos, la vida es eterna en cinco minutos. Suena la sirena, de vuelta al trabajo, y tú caminando lo iluminas todo, los cinco minutos te hacen florecer. Te recuerdo Amanda, la calle mojada, corriendo a la fábrica donde trabajaba Manuel. La sonrisa ancha, la lluvia en el pelo, no importaba nada, ibas a encontrarte con él. Con él , que partió a la sierra, que nunca hizo daño, que partió a la sierra . Y en cinco minutos quedó destrozado. Suenan las sirenas, de vuelta al trabajo, muchos no volvieron, tampoco Manuel.
Link: Te recuerdo Amanda, bideoa.