BEREAK EGIN DU

Bilbon hegaldia hartu nuelarik, Buenos Aires eta Mendoza ezagutuko nituela nekien, hori bakarrik. Gerokoa finkatu gabea zegoen, nahita. Buenos Aires eta Mendoza bisitatutakoan patuak iparralderuntz egitea agindu zidan, eta hala gurutzatu nituen Argentina, Bolivia eta Peru.


Perun eman dut denbora gehien, Cusco hirian. Cuscoko bi kulturen arteko koktel zaporetsuak harrapatu nau. Arkitekturan, harrietan, pertsonetan, bizitza ikuspegietan, bi molde ezberdindu daitezke, elkarrekin bizi diren bi unibertso. Cusco inken hiriburua da eta inkak eurena bailitzan ibiltzen dira karriketatik, turisten joanetorriei jaramonik egin gabe. Deigarria egin zait indiarren harrotasuna.


Diruz larri nabil, eta Cusco utzi baino egun bat lehenago, telefono dei bat egiten ari nintzela, banku txartela galdu dut. Egia esan, ez naiz sobera kezkatu. Nire kalkuluen arabera, kredituak agortua izan behar du dagoeneko.

100 dolar gordetzen ditut oraindik, Hamlet liburuaren orrialdeen artean sartuta, izebak bidaia hasi baino lehen oparitutakoak, badaezpada gorde behar direnak. Maite dut nire izeba. Mendozan, Arielen etxean, beste liburu batetan 100 dolar gorde nituelakoan nago. Ez nago guztiz seguru. Hala balitz, 200 dolarrekin eman beharko nituzke azken hogei egunak.

Cusco agurtu dudanean malkoek begirada lainotu didate. Denbora luzez ez naiz hona itzuliko eta Mariaren adiskidetasunaren lokarria hautsi beharko dut, bai ala bai.
Samuelek, etxeko morroiak, pultsera bat oparitu dit. Taxia hartu baino lehen Plaza de Armasen Mikeli bostekoa eman diot, gurea 'gero arte' bat izango dela jakinda. Mariak geltokiraino lagundu nau. Agurrean bera bakarrik egotea nahi nuen. Autobusa geltokitik ateratzen den einean, Mariaren irudia txikituz doa, desagertu den arte. Eserlekuaren bakardadean negar zotinka nago. Bidai luzea dut bekoz beko. Agur Maria, agur Cusco.