MENDITIK OIHANERA

Poliziek Huanucora bisita egiteak ez duela merezi aipatu digute, eta hobe genukeela ohianera, Tingo Mariara, joango bagina. Arratsaldeko laurak dira. Geltokian gaude, Tingo Mariara eramango gaituen autobusaren zain.

Autobusean, polizien aurreko eserlekuan, gazte bat dator La Unionetik bidaian. Gaztetxoak ez du bidaia osoan ahoa ireki. Geltokian egin du estrainekoz:

-Barkaidazue, bidaian zehar zuen hizketaldia entzun dut. Ez dut parte hartu edukazio txarrekoa baita, eta nik oso hezkuntza ona jaso dut. Bada, nire etxera gonbidatu nahi zaituztet bazkaltzera. Ondoren taxira eramanen zaituztet. Tingora prezio berean aterako zaizue autobusez edo taxiz joatea. Bazatozte?

Harri eginda, elkarri begiratu, eta Marianok eta biok aho batez onartu dugu gaztetxoaren gonbidapena: sabela erdi hutsik daukagu eta konprenigarria da halako egoera batean ezertaz ezagutzen ez dugun gaztetxo baten etxera bazkaltzera joatea. Egia esateko, lotsa apur bat ematen digu, baina badakigu ez dugula gaztea berriz ikusiko, eta tira, fede oneko gaztea da, ez da dudarik.

Amarekin eta oinetan dabilkigun zakur ttiki eta nekagarri batekin bazkaltzen ari gara, Huanucoko auzo pobre batetan. Txakurra momentuoro nire hankarekin txortan ahalegintzen ari da, eta gaztetxoak zera esaten dit:

-Asko gustatzen zaio jolastea.

Jolastea? Txortan ari da eta! -esaten dut nere golgorako. Ama eta semea sukaldera zuzendu direlarik ostikada eman diot zakurtxo zakil-beroari. Ospa! Utikan! Ez zait berriro gerturatu. Nire hankarekin txortan egiteko gogoak ahantzi egin zaizkio.