CAFAYATE

Cafayaten pentsio batetan hartu dugu ostatu. Nagusiak Azkoitia, Leitza edo Iruñeko izen oneko emakume zaharren irudia dakarkit gogora. Serio-serioa, irmoki, neurtutako mugimenduetan ibiltzen den horietarikoa, kolore marroiko arropekin txukun jantzitako anderea... Peluka darama eta ezdakitzenbat diotriendako betaurrekoak. Lo egin aurretik argia itzaltzeko eta dutxa laburrak hartzeko agindua errepikatu digu hiru edo lau bider. Indiar itxurako bizpahiru emakume ditu bere manupean.


Pentsioko patioan mahatsondoak pareta txuritik igotzen dira. Cafayaten bodega ugari dago. Bertakoak Argentinako ardo ekoizlerik ospetsuenak izan dira denbora luzez, Mendozako susperraldia iritsi arte. Herrian Etchart izeneko bodegak aurkitu ditut, eta plaza nagusian, tokiko eraikin tradizionalen artean, Itsaso edo Sarakoa dirudien baserri txurigorria. Oso surrealista iruditu zait baserria, hantxe, Andeetako hiri honen plaza nagusian. Etchart familiarena izan daitekeela pentsatu dut nire golgorako.


Link: Bodegas Etchart, web-orria



Cafayateko txoko kilikagarriak bisitatu ditugu pick up batetan. Atzean Mayra, Jael, Tomas, Ezequiel eta bostak egokitu gara. Leku idor honetan haizea gorputzaren kontra jotzen sentitzea oso sentsazio atsegina da. Harrizko gazteluak, kolore urdin biziko ibaiak eta 'Garganta del diablo' izeneko anfiteatroa ikusi ditugu, besteak beste. Anfiteatroan Kike goraino igo egin da eta txirula ezpainetara eraman du. Txirulatik ateratzen diren doinuen oiartzuna zoragarria da hemen, euskal doinuak aditzea arraroa egiten bazait ere.


Beste txango bat etorri da. Frantziarrez osatua dago. Kike lotsatu egin da eta zorroan sartu du txirula. Frantziarrek eskola-kantu bat abestu dute, eta are arrotzagoa egin zait anfiteatroan euren hizkuntzaren melodia. Euskarak frantzesak baino musikalidade hobea duelakoan nago. Onartu behar dut, alta, honetan ez naizela batere objektiboa. Iturengo Arotza entzun dut Deabruaren Eztarrian, laburbilduz.


Garraiobideekin akaso arazoren bat izanen dugula ohartarazi digu Cafayateko ostatuko atsoak. Oporraldien sasoia amaitu denez gero, agian ezin dugula Cachirainoko garraiobiderik lortu. Berdin dio, Cachira iristen ahaleginduko gara berdin; bestela, auto-stopez joaterik badugu, edota tarteko herriren batetan gelditu gaitezke. Aurrera, betiere.

Autobus zahar eta koloredun batetan burutu ditugu lehenengo kilometroak. Ibilbidea finituta, herriska batetan, udalaren kamioian joateko baimena jaso dugu. Kamioiaren barruan kotxe bat garraiatzen dute eta kartoizko kaxak zoluan pilatuta daude. Bidaiari gehienak kamioiaren burdinezko hezurduran eseri gara, eta besteak, bi seme-alaba ttikien ama eta amona, kotxearen barruan, business klasean. Bidaiariek arretatsu egiten digute kirika, eta Ezequielen edozein okurrentziak barrez  jartzen ditu. Angastaco izeneko herriska batetara iritsi gara lurrezko bide baten barrena saltoka ibili eta gero. Cachitik geroz eta gertuago gaude.