AZUKREA, SUCRE-KOA

Sucrek oso izen gozoa dauka, eta azalpenik ez duen arrazoi honengatik etorri naiz hona. Badakit ez duela zentzurik, baina batzuetan bizitzan hartzen ditugun norabideak zentzugabekeri baten ondorioz sortzen dira.


Antza denez, Sucre Boliviako hiriburu historikoa da. Laupabost sukretarrek hiriburuaren gaineko iruzkinak egin badizkidate ere, oraindik ez dut garbi Sucre historikoaz haratago zer demontre den, zein arraio den Boliviaren mapa politikoan dagokion lekua. Potosiren aldean nahiko hiri lasai eta modernoa da eta, modernitatearen ikur, koloniaren garaiko eraikin zainduen artean New Yorkeko Askatasunaren Estatuaren kopia kaskar bat aurkitu dut plaza nagusian.


Sucren, estrainekoz, sudurrean pegamentu poltsa daramaten haurrak ikusi ditut. 10-15 urte bitarteko hiru mutiko dira. Begiak lainotuta dituzte, mukiak sudurretan, arropak eta zapatak hondatuta eta ilea orraztu gabea. Hanburgesa bat erosteko dirua eskatu digute.

Link: Pasta base-aren hondamendia, testua, gaztelaniaz.



Karrika nagusitik irakasleen manifestaldia pasatu da ere. Hemengo gidariak Buenos Airesekoak baino askoz laxoagoak dira. Buenos Airesen piketeroek karrikak mozten dituztenean gidariak kaguendioska hasten dira eta, ein handi batetan, taxistak piketeroen kontrako protestaren buru bilakatzen dira. Sucren ohituagoak dirudite. Trankil-trankil ari dira ezkerreko besoa lehiatila zabalduan ezarrita dutela.


Manifestarien artean gelditu den hutsune batetan aurpegi ezaguneko neska bat ikusi dudala begitandu zait, Tilcarako geltokian ezagutu genuen neska argentinarra, masajeak egiten zituena. Manifestariekin pasatzearekin batera bere irudia misteriotsuki desagertu egin da eta , bai, akaso irudikeri hutsa besterik ez dela izan ebatzi dut.


Interneten sartu naiz. Nire posta elektronikoan mezurik ba ote dagoen ikusteko premia daukat. Badaude. You have two unread messages. Bi zehazki, bata bestea bezain interesgarria. Anaiak bidali dit bat; Xaviera porteñoak, bestea.


Pozez gainezka, bada, ostatura itzuli naiz, eta patio handiaren atzekaldean kokatuta dagoen gelan sartu behar dudalarik, enbor bat zanpatu eta txorkatila bihurritu dut. C´est la vie. Txorkatila bihurritzerakoan barne haustura sentitu dut. Krak. Esginzea egin dut. Bidaikideen laguntza estimatu dut orduan. Mikel arinketan farmazira joan da eta benda eta pomada ekarri dizkit. Kikek eta Marianok afaria ohatzeraino gerturatu didate: oilasko frijitua eta yuka frijitua. Chorrapeladako markesa.


Txorkatila bihurrituta daukat, baina aurrera jarraitu beharrean nago, ez dut Sucren etzanda gelditzeko asmorik. Benda ongi estutu dut. Aurrerantzean tentu handiz ibiliko naiz. Tarabucora joanen gara gaur, indiarren azokara.


Txirrindulari lasterketa madarikatuak bere horretan jarraitzen du. Errepideek moztuta darraite. Autobusaren zai ordubetez alperrik egon eta gero, taxista batek prezio merkea eskaini digu, Tarabucora iristerik badagoela adierazi eta gero.

Sucreko karriketatik buelta zenbaitzu eman ditugu eta, azkenik, polizien kontrolen gainetik salto eginez, errepide nagusian sartu gara. Txoferrak baldar gidatzen du eta oso maniobra arriskutsuak egiten ditu. Aldapan gora motorra amatatu behar zaiola dirudi, eta aldapan behera galdutako denbora berreskuratzen ahalegintzen da, ganorarik gabe, gure bizitzak arriskuan jarriz.

Lasaiago joateko eskatu diogu, baina ez digu jaramonik egiten. Atzerritarroi azkar gidatzeko habilezia erakutsi nahian dabil, antza. Bidaiaren erdikaldera kotxea seko gelditu egin zaio. Zorionez, herriska batetan bota du azken hatsa, gurpilak konpontzen dituzten 'Recauchutados Pérez' tailerraren parean. Kotxeari bujiak aldatzen dizkioten bitartean gure eserlekuetako balizko frenoak sakatuz pilatu dugun tentsioa askatzeko modua izan dugu.


Kotxea bigarren eskukoa da, Txileko mugatik kontrabandoz ekarria. Erresuma Batuko hiritar batena zen, ezbairik gabe, sinesgarria zaigu gidariaren bertsioa. Bolantea babesten duen zuloa eskubian dauka, eta nahiko konponketa txapuzeroa egin diote bolantea ezkerraldean paratu ahal izateko. Bolantearen inguruko hariak zintzilik ditu eta niri behintzat ez dit inolako segurtasunik eskaintzen.

Lurrari musua ematekotan izan gara Tarabucora iritsi garenean. Txoferrak bueltan eraman gaitzakeela esan digu, eta dirua aldez aurretik kobratu nahi izan digu. Ezetz esan diogu, noski, eta Sucrera bueltatu behar dugunean plazan itxarotekotan ordainduko diogula hitz eman diogu.


Txirrindularien lasterketak eragin duen blokeoa dela-eta, gaur ez da atzerritarrik Tarabucon. Etnia ezberdineko indiarrak ikus ditzakegu. Batzuek Koloniaren garaian Espainiako soldaduek zeramatzaten kaskoak janzten dituzte, beste batzuek meatzarien plastikozko kaskoak. Arropen koloreak ere ezberdinak dituzte, orrazkerak, hizkuntzak. Saltsa handia bizi da Tarabucoko plaza nagusian. Emakumeek poltsa pisutsuak eramaten dituzte eta gizonak beren kasara dabiltza.

Egunak aurrera egin ahala, mozkor kopurua handituz dihoa. Bikote indigena baten portaera deigarria egin zait. Senar-emazteak, erabat mozkortuta, garagardoa edaten ari dira, eta semealabak zoluan eserita dituzte, esperoan, gurasoen jokabidea guztiz naturala izanen balitz bezala.

Sucrera itzuli baino lehen, jertsei txuria erosi dut, eskuz egina, artilezkoa, altiplanoaren hotz ikaragarriari aurre egiteko ezin egokiagoa. Jantzi dudanean azkurea sentitu dut bizkarrean.

Link: Tarabucoko pujllay dantza, bideoa.

Espero bezala, taxistak ez gaitu itxaron, plazatik desagertu egin da. Autobusa hartu behar izan dugu. Bolivian guztia negoziatu daiteke, baita autobusetako tiketen prezioak ere. Laurendako prezioa adostu dugu eta, autobusa guztiz bete denean (Boliviako autobusak pasalekuan inor kabitzen ez denean betetzen dira), Sucreruntz zuzendu gara.


Boliviarrak ixilik doaz. Kikeren rasta horiak oso parregarriak iruditzen zaizkie, eta izkutuka parre egiten dute bizkaitarrak okurrentziaren bat edo beste izaten duenean.

Deblauki, autobusak salto egiten duela iruditu zaigu. Altxatu eta atzera begiratu dugu. Gure autobuseko gurpilek bi ardi zapaldu dituzte. Egundoko buila sortu da autobusan. Ordurarte ixilik zeuden boliviarrak asaldatu egin dira. Emakumeek eskuak burura eramaten dituzte eta, tarteka-marteka, 'pobresitas las ovejitas' errepikatzen dute. Aurrekaldean eserita dagoen haur batek 'yo tambien quiero ver a las ovejitas muertas' esaten du bere abots fin eta karrankariarekin. Bidaiari guztiak hika-mikan ari dira, errepidera inguruetako herritar guztiak bertaratzen ari diren bitartean. Txoferra eta ardien jabea sesioan hasi dira. Jabearen emazteak atzetik ohiu egiten die, senarrak esaten dituenak borobilduz. Eztabaida gori-gorian dagoela, gizon zahar bat ikusi dugu, makilarekin lagunduta, autobusera gerturatzen. Makurtu eta, begiekin autobusaren matrikula irakurtzeko esfortsu handiak eginez, autobuseko zenbakiak papertxo batetan apuntatu ditu.

Bidaiariek ez dute presarik, inork ez du presarik, eta arretaz jarraitzen ari dira gertatzen ari den guztia. Kikek txoferrak ardiak eros ditzala eta autobuseko bidaiari guztien artean jan ditzagula proposatu du.