DOÑA LEANDRA

Aguascalienteseko merkatuaren sarreran Leandra atsoak postua dauka, bi pertza handi eta butanoa. Machu Pichutik itzulitakoan berarengana jo dugu, chicharrona (zerriki frijitua) ezin hobeki prestatzen baitu. Platerran chicharrona, artoa eta arroz goilarakada bat jarri digu eta solasean hasi gara, gosearen gosez hezurrak xurgatzen ditugun bitartean. Leandrak goizeko 10etatik arratsaldeko 7etara egiten du lan, 9 seme-alabendako jatekoa lortu behar baitu. Senarraz itaun egin diogunean zera erantzun digu:

-Nire senarra ezin hobeki hilobiratua dago! Hobe lur azpian gurekin baino! 9 semealaba eman zizkidan eta 11 jipoi. Landalan ibili beharra daukat, baina nahiago dut horrela, senarrarik gabe, libre.

Leandrak kontatu digunaren arabera, bere senarra jeloskor bezain traguzalea omen zen, eta emaztea haurdun ez egotekotan adarrak jartzen zizkiola suposatzen zuen. Alkoholak lagunduta, jipoi ederrak ematen zizkion emakumeari. Ehundaka zafraldi pairatu behar izan ditu Leandrak bere bizitzan, eta orain hobe du bakarrik bizi.

Leandra Aguascalienteseko historiaren liburu irekia da:

-Ni gazte nintzelarik, badira 30 urte, oso turista gutti etortzen zen hona, urtean 20-25 inguru. Janaria, esaterako, maitoetan, hostoetan bilduta saltzen zuten garai horretan. Turismoa piztearekin batera inbertsoreak etorri ziren, eta egun beraiek, turismo agentziek eta hotelek, eramaten dituzte etekinak. Guk ez dugu apenas sosik ikusten.
Trenarekin antzera gertatzen da. Herritarrok tren propioa izatea nahi dugu, txiletar eta europearrek dirutza guztia lapurtu ez dezaten. Guk ez dugu errepiderik nahi, errepideekin batera Limako rateroak etorriko baitira.
Behin baino gehiagotan Peruraili irabazi ekonomikoen zati bat eskatu diogu, baina ez digute kasurik egiten. Tren berria erosten ahalegindu gara ere, Espainaldetik ekarri behar ziguten, bigarren eskukoa. Baina dirua biltzen ari zen gizona auto istripu batetan hil zen, eta diru guztia desagertu egin zen.