AXEL BLOOMBERG

swkrjter sij ekqstu sgi...gaizki jarri ditut berriz behatzak nire ordenadore mentalean, eta gainera, poltsikoko ajenda galdu dut.

Axel Bloomberg hilik dago, polizia eta lapur arruntez osaturiko gaizkile talde batek bahitu eta, ihes egiten ari zela, akabatu egin baitute. Axel mutiko goapoa zen, kirolaria, klase onekoa, eta Argentinan bahiketak oso ohikoak badira ere, eta hildakoen zerrenda oso luzea bada ere, Axelen heriotza eta bere aitaren borroka gartsua boom mediatikoak bihurtu dira.

Link: Axel Bloomberg Fundazioa, gaztelaniaz

Link: Axel Bloomberg, Hebe de Bonafiniri elkarrizketa, gaztelaniaz

Axelen aitak delinkuentziaren aurkako kanpaina hasi du eta, bere semeari jazotakoa berriz gerta ez dadin, hainbat neurri eskatu ditu. Karriketan segurtasun handiagoa aldarrikatu du, poliziaren barruan garbiketa sakona egitea, polizien soldatak igotzea edo espetxe zigor gogorragoak ezartzea, besteak beste. Aitaren borrokak komunikabideetako lerroburuak okupatu ditu, eta Buenos Aireseko Kongresua leporaino bete da, kandela eskuan zutela segurtasun handiagoa eskatzen zuten hiritarrekin. 'Denak gara Axel' izan zen manifestazioaren lelorik errepikatuena.

Argentina osoan legediaren aldaketa eskatzeko beharrezkoak diren sinadurak biltzen aritu dira, eta Kirchner presidentea kritiken jomuga da.

Aferak, baina, ez ditu argentinar guztiak batu. Hebe de Bonafinni, Maiatzeko Plazako Amen bozeramaleak, sektore eskuindarrek eta euren komunikabideek kanpaina sustatu dutela salatu du, eta Axel txiroa izan balitz bere heriotzak ez zukeela inolako oiartzunik izanen.

Bloombergen borrokak segurtasuna indartzeari ematen dio garrantzia, eta delinkuentziaren zergatien azterketa alboratuta gelditzen da. Proposamenen artean ez dira pobreziaren aurkako egitasmoak aztertzen, eta delinkuentziaren arazoa errepresioaren bitartez, zigorrak handituz eta poliziaren kopurua ugarituz konponduko dela uste da.

Krisiaren sagar ustela zabaldu zenez geroztik izugarri handitu da delinkuentzia Argentinan, eta gaizkileek aldaera berriak asmatu dituzte, 'bahiketa express' deritzona esaterako. Bahiketa mota honekin gaizkileek bahitua oso denbora gutxi mantentzen dute preso, erreskatea ahalik eta agudoen kobratzeko.

Ni tentuz ibiltzen naiz, apal-apal, eta edozein bidaiarik hartuko lituzkeen badaezpadako neurriak hartzen ditut. Ez naiz gauez leku arriskutsuetatik ibiltzen eta dirua potroetan ongi izkutatua eramaten dut beti, poltsikoetan balizko lapurrarendako billete eta txanpon batzuk gordeta.

Ez dut orainarte arrisku sentsaziorik euki, eta ez zait Argentina Latinoamerikako beste herri asko baino arriskutsuagoa iruditzen. Egia da klase ertainak pisua galdu duela eta aberats eta pobreen arteko etena handituz doala, halere Argentinak ez du Guatemala edo El Salvadorrekin zerikusirik, nik uste.

Telebista, irrati eta egunkaritan etengabekoak dira berri lazgarriak, eta horiek sikosi moduko bat zabaldu dute. Sikosi horrek segurtasun gehiago eskatzera eramaten du jendea.

Baliteke nik zorte handia euki izana, edo pobre itxura, edota arriskuen jabe egiten ez naizela, edo ez dakit, baina lasai nabil.

Link: Actitud Marta María, rap argentinarra, bideoa.