ARPILAKETAREN MEMORIA

Ariel lagunak, Mexikon geundela, Argentinan hainbeste artista egotearen gakoa azaldu zidan. Argentinarrek kolperik jo gabe ongi bizitzea dute helburu, eta horrexegatik dago hainbeste artista. Edozeinen ametsa dela gaineratu nezakeen, nirea ere, baina tira, kontua da Argentinan oso idazle onak, oso musikari onak, oso futbolista onak, oso psikologo onak, oso psikiatra onak, oso publizista onak, edota oso zine zuzendari onak daudela. Bistan da krisia dagoenean irudimena azkartu beharra dagoela, eta argentinarrak maisu dira horretan.

Argentinako zinema puri-purian dago. Karteldegiko pelikulen artean erdiak-edo argentinarrek zuzendutakoak dira. Gaur ostatuko lagun kaliforniar batekin 'Memoria del Saqueo' filma ikusi dut.

Link: Memoria del Saqueo, filma, gaztelaniaz

Hipolito Irigoyen karrikako zinema zaharrera sartu gara. Oso ikusle gutxi gaude. Dokumentalari 2001eko abenduan jazotako iskanbilekin ematen zaio hasiera. De la Rua presidente karguan izendatu berria zen, eta gatazka soziala lehertzear zegoen. Protestan, hiritarrek Maiatzeko Plaza hartuta zuten, Argentinako gunerik sinbolikoena, eta granaderoak itzulinguruka zituzten, erasorako abisuaren zain. Manifestariek '!El pueblo no se va!' ohiu egiten zuten. Maiatzeko Plazako Amek granaderoen zaldi urduriei aurre egin zieten. Oso irudi latzak dira. 70 urte pasatxoko emakumeak, motelak eta hauskorrak, poliziaren gehiegikeriei aurre egiten.


Filmean dolar eta pesoaren arteko berdintasuna hautsi zeneko garaia jorratzen da, herritarren altxamendua eragin zuen debaloaketaren prozesua. Menem presidentea eta Duhalde ekonomia ministroa dira herriaren arpilaketaren testigantza honetan okerren paratuta ageri direnak. Menemek dekretuen bidez gobernatu zuen, eta dolarraren paridade faltsua mantentzearren multinazionalei sektore estrategikoak merke saldu zizkien. Garaiotan Argentina Nazioarteko Moneta Funtsaren ikaslerik goraipatuena zen, eta klase ertainak begi onez zekusan Duhaldek gidatzen zuen politika ekonomiko neoliberala.

Entrepresa publikoen salmentek ustelkeria areagotu zuten. YPF petroleo konpainia Repsol espainolaren menpe gelditu zen, Telefonica espainola eta Telecom frantziarra telefono publikoen jabe egin ziren, Iberiak Aerolineas Argentinas erosi zuen, BBVA euskaldunak Banco Francés... Batzuek paridadeaz gozatzen zuten bitartean, beste batzuk miseriaren putzuan erortzen hasiak ziren. Argentinako enpresak, pesoaren balio handia zela eta, ez ziren esportaziorako errentagarri, eta askok eta askok ateak itxi egin behar izan zituzten. Pino Solanas, dokumentalaren zuzendariak, atentatua pairatu zuen Menemen gobernu garaian kontu guzti hauek salatzeagatik.

Link: Pino Solanas, atentatua baino lehen, bideoa, gazteleraz.

Link: Pino Solanasen aurkako atentatua, bideoa, gazteleraz.

Menemekin diktaduraren garaitik zetorren kanpo zorrari zero asko gehitu zitzaizkion. Dokumentalean honako galderak egiten ditu Pino Solanasek: 'Nork sortu zuen kanpo zorra? Zergatik kitatu behar dugu argentinar guztiok bakar batzuek sortutako zorra? Zergatik ordaindu behar ditugu eskandaluzko interesak?'.

Gidoilariaren arabera, Argentinak garai horretan bankuetan ohikoak ziren interesak ordaindu izan balitu, kanpo zorra aspaldi kitatua legoke. Gainera, bankuek ez zituzten beren konpromezuak bete. Banku handiek, paperean, funtzionamendu autonomoa dute, eta etxe nagusiak ez dira tokiko bankuen galeren arduradun egiten. Dolarra eta pesoaren arteko berdintasuna hautsi zenean, dibisak Lehenengo Mundura bidaltzen zituzten bankuak diruz hustu egin ziren. Dolarrak desagertu ziren, eta bezeroei trukean pesoak eman zizkieten. Dolar bakarra, hiru pesoen truke.

Filmean Villa Miseriak ageri dira edota Tucumaneko hospitalean bizi izandako desnutrizio kasu lazgarriak. Hospitaleko irudiak Afrikatik eskaintzen dizkigutenaren gisakoak ziren, haurrak haragi eta hezur zeuden, lerdea zeriela, non eta 200 miloi biztanle gehiago elikatu ditzakeen herrialdean. Tucumaneko mediku batek hitzegiten du erreportaian, pobreak ere pertsonak direla defendatuz. Seme-alabak janari eske datozkiolarik ama bati sortzen zaion atsekabea azaltzen da ere: -Nolatan esan diezaioket nire alabatxoari jatekorik ez dagoela?