TORNADO DEITURIKO ZALDIA


Ostatuko lehiotik gaur goizean kolibriak ikusi ditut. Lagunei abisu eman eta hauek koartora hurbildu direnerako desagertu egin dira txoritxoak. Bakarrik gelditu naizenean etorri dira berriz kabroiak.

Ostatutik Soratako bailara ikusten da, oso osorik. Panorama ederra daukat aurrean eta haize fin batek nire aurpegia ferekatzen du. Ostatuko nagusia ondoan jarri zait eta amaitu egin da une bukolikoa.

-Locoren zalditan joanen zarete gaur, ezta?

Gure ostatuaren ondoan beste bat dago, Reggae izenekoa. Merkeagoa da baina oilotegi bat dirudi, homeless-endako behin behineko aterpea. Bart gainetik ikusi genuen eta nahiago izan genuen ondokoa, oheak behintzat bazituen. Halere, Emiliok, Reggaeko nagusi gazteak zaldiak alokatzen zituela esan zigun, eta bere zaldiekin goaz gaur txangoa egitera.


Jakin ahal izan dugunez, Emiliori Loco esaten diote herrian. Oso gaztea da, apala, gozoa, mendigoizalea eta mistikoa. Ile luzea dauka, eta ez du apenas hitzegiten. Ezpainetan beti irrifarra marraztuta dauka eta arintasunez mugitzen da.

Goizeko 9etan atera gara zaldiekin. Laister deskubritu dugu Emilio ez dela oso zaldun trebea. Trostan hasi  eta kolpe ederra jaso du lurrera ahozpez erori delarik. Niri Tornado izeneko zaldi beltza egokitu zait. Emilioren aburuz, zaldirik azkarrena da, baina ez du kasu handiegirik egiten. De puta madre. Hau da hau Emiliok bota didan deskribapena! Zaldirik azkarrena, ez du kasurik egiten. Primeran. Eta hortxe nago, Tornadoren gainean, abenturari ateak parez pare zabalduz. Berehala hasi dira arazoak. Errekatxo bat gurutzatzerakoan Tornadok ez ditu nire aginduak obeditu eta ura edaten hasi da. Emilio hurbildu egin zait eta errieta bota dit:

-Zergatik utzi diozu nahi duena egiten? Aurrerantzean ez dizu kasurik egingo.

Eta hala gertatu da. Zaldiak ez du errekatxotik atera nahi. Nik Tornado, hop, hop, hop! esaten diot, baina alferrik. Zalditik jeitsi eta sokari tiraka atera behar izan dut errekatik. Ez dit, ez, kasurik ttipiena ere egiten.

Zaldi guztiak trostan hasi direnean espabilatu da nirea. Lagunen zaldien aldamenetik igarotzerakoan ezin izan dut nire harrotasuna izkutatu. Korrika bizian doa Tornado, eta ni pelikuletako bakeroa sentitzen naiz. Baina ez du gelditzeko imintziorik egiten. Gogor ahalegintzen naiz mantsotzen, baina Tornadok muturra alde batetik bestera astindu eta antxitxika jarraitzen du. Etxe batetik pasatzen ari gara. Kanpoaldean emakume bat eta bere alaba daude, eserita, patatak sailkatzen. Eta Tornado, eeez!, eeez!, baaai! Zaldia familiaren baratzean sartu da nire aginduei muzin eginez. Aldapa pikua jeitsi du eta zalditik bota nau trapu puska bat bainintzan.

Zaldia sokatik atxikitu eta sorotik irtetzera noanean lagunak badatozela ikusi dut. Parrez hasi dira. Lotsagarri sentitzen naiz. Ez diet egia aitortu, ez diet esan zaldiak lurrera bota nauela. Nire irudi tristearekin aski dute, baratzetik ateratzen, zaldi beltzari tira eta tira.


San Pedro izeneko leizetara goaz. Sorotarrak aymarak dira, eta euren etxeak bidean barreiatuta agertzen zaizkigu. Eguzkiak indartsu jotzen du eta zaldiak izerdi patsetan doaz. Aldapan gora goazelarik, emakume zahar bat biraoka hasi zaigu zaldiei sufriarazten diegulako. Tornadok bere kasara jarraitzen du. Belar goxoa aurkitzen duenean, gelditzen da. Besteak korrikan hasi orduko, nik nahi baino azkarrago jarraitzen ditu. Ibilbidetik atera nahi duenean, ateratzen da. Ni lotsagarri utzi nahi izanez gero ez du bitan pentsatzen eta lotsagarri uzten nau.

Link: Aymarak, webgunea, gazteleraz.

San Pedroko leizetara iritsi gara. Igarobide ilun batetik pastu eta aintzira handi bat aurkitu dugu kobazuloaren barruan. Arropak erantzi eta bainua eman dugu kobazuloaren iluntasunean. Hau da hau gozamena! Ordubete eman dugu bainuan. Nire txorkatila sendatzen ari da, poliki-poliki.

Ipurdia lehertuta daukat; ipurdia eta sorbalda; ipurdia, sorbalda eta txorkatilak; ipurdia, sorbalda, txorkatilak eta burua. Sei orduko txangoa 9 ordukoa bilakatu da, eta eguzkia sartzearekin batera itzuli gara Soratara. Ostatuko nagusi homosexualak ipurdirako produktu ezinhobea duela agindu digu. Badaezpada, ez dut probatu nahi izan.