KOADRILA OSATZEN

Bigarren eguna dugu Tafin, eta batbatean hirugarren bidaiari bat gehitu zaigu. Tomas, eskoziar jatorriko argentinarrak bere hitza bete du, eta Tucumanetik Tafira egin du. Asko poztu nau. Gizon interesgarria da, eta marihuana dakar, berriz diot.


Etorri eta, aho batez, tartean inolako eztabaidarik izan ez dela, mozkortzea erabaki dugu. Dendatxo batetan garagardoa erosi dugu, eta tamaina guztietako harri borobilez ereindako ibai lehorrera jeitsi gara, Jael eta Mayrarekin batera. Mendietako elurra urtzen denean handia izan behar du korronteak, baina orain errekatxo bat besterik ez da, pixa arrasto baten parekoa ia-ia. Harri lauen gainean egokitu ditugu gure ipurdiak, eta edaten hasi gara, bizitzaren gaineko solasaldiak aitzaki. Eskuarki, solasaldi hauek aspertzen naute, baina Mayraren presentziak hutsune guztiak bete eta gai guztiak interesgarri bihurtzen ditu.

Urrutira argi isolatuak ikus ditzakegu, zakurren zaunkek girotzen duten sinfonian. Bihar, Tafi utzi eta Amaicha del Valleruntz joko dugu.

Goizeko laurak arte izarrei begira egon gara Tomas eta biok ostatuko patioan, bonbila bakar baten argi laranja suabearen uhinen sehaskan. Bapo mozkortu gara Quilmes garagardoekin eta belarrarekin.

Tomasek bere lana utzi berria du. Lan on bat, Buenos Aireseko portuan. Egia esan, ez da gauza bera erabaki hori Argentinan edo Euskalherrian hartu behar izana. Argentinan langabetu kopurua ikaragarrizkoa da eta lana uzteko deliberoak salto latza suposatzen du benetan, arriskutsuegia. Bigarren bidaia du Tomasek Argentinako hegomendebaldera, Argentina sakonaren erraietara. Terapia bila ari da bere ibilera pertsonalari iraulia eman eta gero, hausnarketa tenorean. Antzerkilaritzan murgilduko da, eta ez bazaio ongi ateratzen Europara etorriko da sukaldaritzan aritzeko.

Tomasek De la Rua presidentea kargutik bota zuten manifestaldietan protestan aritu zen, eta ondorengo ilusio kolektiboaren hazkundean parte hartu zuen, hiritarrek Casa Rosada inguratu eta berea egin zutenean. Izarpean, Andres Calamaroren 'El Cantante' diskoak bidaiaren soinu-bandan kokapen berezia izanen duela erabaki dut:

Prendido a tu botella vacía, esa que antes siempre tuvo gusto a nada. Apretando los dedos, agarrándome, dándole mi vida a ese para-avalanchas.
Cuando era niño y conocí el estadio Azteca, me quedé duro. Me aplastó ver al gigante. De grande, me volvió a pasar lo mismo, pero ya estaba duro mucho antes.
Dicen que hay, dicen que hay, un mundo de tentaciones. También hay caramelos con forma de corazones. Dicen que hay bueno, malo, dicen que hay más o menos. Dicen que hay algo que tener y no muchos tenemos.
Prendido a tu botella vacía, esa que antes siempre tuvo gusto a nada.

Link: Estadio Azteca-Calamaro, musika bideoa.

Beti antzerakoa gertatzen zait. Emakume polit batekin ostropozo egiten dudanean, beste emakume xarmangarri bat trabatzen zait bidean. Norbaitek aproba egin nahi didala iruditzen zait, batengatik hautu egin dezadan. Xaviera Amaichako bus geltokian ezagutu dut, Ezequiel-ekin batera. Tafin hartu dugun autobus berean etorri dira Xaviera eta Ezequiel, eta ostatua aurkitzeko lanean taldea osatu dugu. Xaviera frantziarra dela iruditu zait autobusean disimuloz begiratu diodanean, oso keinu sofistikatuak ditu, baina ez, argentinarra da, Buenos Airesekoa, argazkilaria, eta Ezequielek ez zuen aldez aurretik ezagutzen, autobusean elkartu da berarekin.

-Hortaz, ez da bere nobioa -pentsatu dut nik, noski.

Elkarrekin ostatu bila aritu gara, beraz. Mayra eta Xaviera, Xaviera eta Mayra, zein baino zein erakargarriagoak. Xavierak azal zuriska eta leuna dauka, ilea beltzarana eta fina, eta begi beltzak. Oso baxu hitzegiten du, eta ez diot esaten duenaren erdia ulertzen. Emakume enigmatikoa da, begiradarekin izotza puskatzeko gai den emakumea.