NIRE URTEBETETZEA

Triste nago. Sentimenduak tximeletak bailiran korapilatzen zaizkit sabelean. Limarako bidean Cusco uztera noa. Hiri zoragarria uzteagatik baino, orobat, atzean geldituko zaizkidan gizon-emakumeengatik nago pentsakor. Agur esateko tenorea beti da latza. Gero arte esan nahiko nuke, baina batek daki bueltan hemendik berriz igaroko ote naizen.


Aitortu beharra daukat ezer gutxi idatzi dudala Cuscon eman dudan hilabete pasatxoan, baina karrikak ongi ezagutzen ditut, eta aisiak, halakoetan gertatzen denez, ez dit boligrafoari tarterik nimiñoena ere utzi.


Cuscok, etimologikoki, munduaren zilborra esan nahi du runen hizkuntzan, eta egia da bost aste hauetan lurpeko indar ezezagun batek magnetizatu egin nauela. Cusco Latinoamerikako Erroma da, inken bide guztien topagunea.

Link: Cusco, munduko zilborra, testua, gazteleraz.




Lehenengo koadernotxoaren orriak finitzen ari dira, eta bideari berriz heltzeko ordua iritsi zait. Bidaiatzeko asmoz atera nintzen eta erabaki gogorra hartu behar izan dut. Zirt edo zart. Cuscon ezaguturiko zoriona bidean aurrera eginez eskuratu dezakedanaren truke aldatuko dut.