EUSKAL ETXEAK

Buenos Airesen bezala, Mendozan euskal jatorriko abizen franko dago. Gogoan dut Buenos Airesen Laurak Bat elkartean izan nintzela. Nahi gabe heldu nintzen bertara. Ez nuen euskal etxea bisitatzeko asmo apurrik. Hiritik paseoan ate batetan ikurriña ikusi eta barrura sartu nintzen, automatikoki. Hantxe, emakume gazte bat zegoen gizon edadetu batekin euskaraz solasean. Gizon zaharrak buruan txapela jantzita zuen, Eibarren jaioa zen, eta Espainiako hauteskundeez ari zen. Egia esan, ez bata eta ez besteak ez zidaten jaramonik egin, eta isiltasunari bidea irekiarren euskaldun bat Argentinan nola sentitzen zen itaun egin nion gizon zaharrari. Erantzuna bapatekoa izan zen. Gerra zibilean galtzaile, Argentinak babeslekua eskaini zion, eta jatekoa ere bai. Eibartarrak argentinartzat zeukan bere burua. Euskalduna zen jaiotzez, ez zituen erroak ahazten, baina orain argentinarra zen, argentinar hutsa.

Euskal Etxeko eraikina bisitatu nuen ondoren. Zahar koadrilek kartetan ziharduten, ardo botilak aurrean zituztela. Kristalez inguratua Gernikako arbolaren urtadar batetik hazitako arbola zegoen, eta tabernan Osasuna, Athletic, Erreala eta Alavesen bufandak eskegita zeuden. Trinketean bi gizon palaz jokatzen ari ziren. Itota sentitu nintzela onartzen dut, eta Euskal Etxean oso denbora gutxi eman nuela. Bakarrik sentitu nintzen bertan, arrotza.


Karratuak dira karrikak, berunezko karratuak, eta izkiña bakoitzean hausten dira, semaforoen artean korrika, begi karratuak, esku eta beso zuzenak, militarrak. Buenos Aires hiri karratua da, eta horietariko karratu batetan Euskal Etxearekin topo egin dut.

Zahar batzuek, mahai karratuetan, aurreko garaiez hitzegiten dute, eta Gernikako arbolaren kimua hazten ari da, eta errealaren lepokoak, eta armarriak, eta ikurriñak, eta karratuak.

Eta ring horretatik atera naiz, karrikaruntz, karratuen artean irudi borobilak, amaitugabeko lerroak, borobil abstraktuak, aurkitzeko xedeaz. Orain bai, definitiboki, karratuen Buenos Airesetik banoa.

Link: Argentinako Euskal Etxeak, testua

Arielen familiak begi onez hartu nau, eta banan banan izeba-osaba guztiak pasatu dira etxetik. Izeba potolo batek, 'z'-ak apropos ahozkatuz, 'yo zoy de Valladoliz, ¿cómo ezta uzted?'', aritu zait esaka. Espainian ibilia dela, asko maite duela Espainia, eta oso oroitzapen onak gordetzen dituela, eta 'Jose Maria Azzznar, Zzzapatero, ¡qué paza!, ¡cojonez!', gaineratu dit. Ni euskalduna naizela azaltzen ahalegindu naizelarik, Arielek begia kliskatu egin dit. Oso adierazgarria izan da bere keinua: utz ezazu pakean, ez du merezi nire izebarekin eztabaidan hastea.