YA ME VOY YENDO

Eta altxatzerakoan nire bandera zuhaitzaren adarrean ikusi dut, plastikozko poltsa.


Inken erresuman bete beharreko legerik garrantzitsuenak Ama Sua, Ama Lulla, Ama Quella zioen, edota bestela esanda, ez zaitez lapurra izan, ez zaitez gezurteroa izan, ez zaitez alperra izan.

Andeetako herrietan bi gizarte mota dago. Indiarrek euren arbasoetatik jasotako usadioari men egiten diote, eta justizia beren kasara ezartzen dute. Arrotza egiten zaie koloniaren garaitik datorren justizia.

San Salvador de Jujuyn indijenen Amerikan sartzen ari naizela ikusi ahal izan dut argi eta garbi. Paisaiak aldatuz doaz, eta gizakien aurpegiak, janzkerak eta hizkuntzak ere bai. Oso adierazgarria da inken duintasuna. Pobreenak dira, baina burua beti irmo daramate. Begietara zuzen begiratzen naute.

Humahuaca oso herri polita da, turistikoa, zaindua. Igandea da eta kaleak hutsik daude. Eskailera batzuk igo ditugu eta indiar baten eskultura erraldoiaren oinetan etzan egin gara. Hauxe da egun motela, hauxe. Aspertuta gaude eta ez dugu Mikel pasaitarraren berririk jaso.

Herrian bi internet-gune daude, biak izugarri garestiak. Telefonoa sateliteen bitartez hartzen da Humahuacan, eta interneteko prezioak satelitalak dira. Ezin dugu sikiera internet begiratu. Zer demontre egin dezakegu? Bihar seguru aski Bolivian izango gara, eta ezer baino lehen Argentinari merezitako agurra emango diogu, hori gure erabakia. Bai, penak arintzeko lekurik aproposena sukaldea dela esan du Kikek, eta Rosaleda jatetxera joan gara biok. Bi lomito eskatu ditugu. Bigarren plater bat eskatzeko helburua genuen, baina zerbitzari jatorrak lomitoekin aski izanen dugula ohartarazi digu. Bete betean asmatu du.

Agur Argentina, gero arte, zure musikak nire belarria zulatzen du oraindik. Agur Soledad, agur Fabiana Cantilo, agur Lubumba, agur Andres Calamaro, agur Pibes Chorros, agur Sandro, agur Super Merka-2, agur Todos tus Muertos, agur Redonditos de Ricota, agur Bersuit Vergarabat, agur Pericos, agur Los Nocheros, agur Duo Salteño, agur Las Pelotas, agur Jorge Drexler, agur Luis Alberto Spinetta eta... agur Alfajores Havanna.