Ostatuan sartu eta patioko zakur ttiki-zuriak ongietorria eman dit. Samuel, ostatuko morroia, maindireak zintzilikatzen ari da goiko pisuan. Egurrezko eskaileretatik ni agurtzera jeitsi egin da.
Perun, oraindik orain, oso ohikoa da espainolen kulturatik jasotako morroiaren irudia, familia txiroak estu ta larri baitabiltza seme-alaba guztiei jatekoa emateko borrokan. Morroiek euren etenik gabeko lanaren ordainez jana, ohea eta soldata sinbolikoa jasotzen dute, eta Elorriaga familiaren kasuan behinik behin, morroiaren gain erortzen da etxekolanen zamarik pisutsuena. Erosketak egin behar direla, etxekoandrearen garrasia: 'Saamuel!'. Maindireak aldatu behar direla, Luisen garrasia: 'Saamuel!'. Bazkaria prestatu behar dela, alaba nagusiaren garrasia: 'Saamuel!'. Gelaren bat eskobatu behar dela, alaba ttikiaren garrasia: 'Saamuel!'. Zerbait bilatu behar dela, alaba nagusiaren nobioaren garrasia: 'Saamuel!' . Telefono mugikorra konpondu behar dutela...
Elkarri besarkatu diogu. Samuel mutiko isil eta apala da, hitz gutxikoa, eta ostatutik ateratzen bada, inken aztarnategiren bat ikusteko egiten du. Familia Puno aldean dauka, eta urtean behin bakarrik joaten zaio bisitan.
Gogoan dut, aurrekoan, Limaruntz atera aitzin, ostatuko jabea aurrean zegoela Samueli propinatxoa eman niola. Luisek eginiko keinu ergelean ezinegona haragitu zen, morroiari dirua eman eta berau esku hutsik geratu eta gero.
Oraintxe, hain preziski, iritsi da Luis Elorriaga arranditsua. Ongietorria eman dit eta Elorriagatarren etxean niretzat beti lekuren bat izanen duela esan dit, segidan gelaren tarifa pittin bat igo dutela gaineratuta. Camiseako birfindegiaz solasean hasi da, eta Perun estraineko partez Toledo lehendakariaren aldeko hitzak aditzeko parada izan dut.
-Tontoa zela pentsatzen genuen, baina agian guk uste genuena baino azkarragoa da. Estatu Batuetako unibertsitate ospetsu batetan ikasi zuen...
Bakarrizketa mozteko beharra sentitu dut, hitzegiten hasita Luisek toperik ez baitu.
-Beno, Luis, lasai, ostera ere hitzegiteko aukera izanen dugu, ados? Orain Mikel agurtzera noa. Izanen gara. Orain arte.