HEGOALDEKO GURUTZEA

'Cruz del Sur' etxeko autobusean noa Cuscorantz. Izen poetikoa, Cruz del Sur. Eserlekuak larruzkoak dira, ezin erosoagoak, baina ordu erdi eserita daramadanean  ipurdiak ziprist egiten dit. Ondoan Urkusera doan erizain bat eseri zait, eta ipurdiarekin orain behera eta berriz gora gabiltza biok.

Emakume ilustratua da, 50 bat urtekoa, oso atsegina, eta ohiko baieztapenak egin dizkit: txinoak, Fujimorik, lapurtu bazien ere errepideak eraiki zituela, herrietara elektrizitatea eraman zuela, Sendero Luminosoren gainbehera eragin zuela...

Lehenengo geldialdia. Hanka sartu dut. Patrikan billete bakarra aurkitu dut, 50 soleko bilete handi bat, Liman edo Cuscon izan ezik, herri txikietan ia-ia aldaezina dena. Sabelan platano eta kafe ziztrin bat ditudala egin beharko dut 22 orduz luzatuko den bidaia.

Alabaina, erizainak, geltokietan ezer erosten ez dudala ikusita, beharrak jota nagoela pentsatu du, eta alferrikakoak gertatu dira nire azalpen guztiak, nire 50eko billetea erakutsi izana. Pobrea naiz eta bidaiko alderdi gastronomikoa berak ordainduko dit.

Ican bikote espainiarra igo da autobusera. Ez dut beraiekin hitzegiteko adorerik. Nire pelikula egin dut, denbora bete behar dudala-eta. Neskak Gobernuz Kanpoko Erakunde batentzat lan egiten du eta Kataluiniako mutil-laguna bisitan joan zaio. Lokartu arte jarraitu dut pelikularekin: neska bere nobioa atzean utzi asmoz etorri zela Perura, eta orain nobioa, ezer sumatzen ez duen gixajoa, bisitan joan zaiola. Egia aitortzeko momentuaren esperoan dago neskatila, baina ez da ausartzen, mutil lagunak oso izakera gogorra baitauka, eta....


Cuscora iritsi eta etxean sentitu naiz. Euri langarra ari du. Taxia hartu eta Plaza de Armasera eramateko eskatu diot. Taxistak Peru eta Txileren arteko harremanak gaiztotzen ari direla esan dit. Txile eta Argentinan krisi energetikoa bizi dutela, eta gasa inportatzeko behar gorrian daudela. Peruk Camiseako birfindegia eraiki duelakoz dago haserre Txile, eta haraino Boliviako gasa iritsiko delakoz. Boliviak ez dio Txileri gasa saldu nahi lapurtutako kostaldearen afera konpontzen den arte.


Link: Camiseako birfindegia, salaketak, gaztelaniaz.

Egiazki, herri hauetan ez da oso komenigarria Txileko pasaportea gainean eramatea. Peruk eta Boliviak lurralde-eztabaidak dituzte Txilerekin, eta Argentinan, ur kontinentalen gatazkaz gain, ezin dute ahaztu Malvinetako gerran Txilek Erresuma Batuei laguntza eman ziela. Kontua da Boliviak Peru aukeratu duela gasari irteera emateko, eta Peruk Camisea bere kasara kudeatuko duela. Peru eta Txileren arteko mugan, Tacna inguruan, hegazkin txiletarren maniobra militarrak hasi dira.