VALE UN POTOSI

Ketxueraz edo aymaraz hitzen bat jakitea oso baliogarria da indiarren munduan sartzeko interesa duenarentzat. Euskalherrian kanpotar batek eskerrik-asko esaten duenean bezalatsu gertatzen da Bolivian ere. Potosin denda ttiki batetara sartu naiz. Gazte batek eskolako lanak egiten ditu denda atenditzen duen bitartean. Dendan izan naizen bost minututan aizkora puntadunak diruditen erantzunak jaurti dizkit:

-Arraultzak badituzu?
-Bai.
-Zenbatetan?
-Boliviano bat bi arraultz.
-Eta papak?
-Bai, boliviano bat kilo erdia.

Erosketak egin ditut eta eskerrak ketxueraz eman dizkiot:

-Dios pagra suchu.

Gaztea parrez hasi da, aurpegiko giharrak askatu egin zaizkio. Ordu laurden bat aritu gara barra-barra.
Apaltasunez hitzegiten du:

-Nire ilusioa panasonic bat eukitzea da.
-Panasonic bat... Baina ze musika tresna zehazki?
-Panasonic bat! Ez al duzu musika tresna hori ezagutzen?

Gazteak pianoa jotzen ari denaren trazak egiten ditu, behatzekin airean dindilizka dauden tekla birtualak sakatuz. Noski:

-Organoa diozu orduan.
-Organoa ez, panasonic bat, kunbiak jo ahal izateko!


Eta Amaichako etxe batetan ospatzen ari ziren festaz akordatu egin naiz. Bateria eta baxuaren erritmoak aldez aurretik grabatuta, gizon batek kunbiak abesten zituen organoaren laguntza soilarekin, edo, hobe esanda, panasonicaren laguntza soilarekin. Gizon-orkestra modernoa zen berau. Festara bildutako emakume eta gizon oro bapo mozkortuta zeuden eta, gonbidatu bagintuzten ere, ez ginen sartzen atrebitu. Indiarren gorputzak ez du alkohola guk bezain ongi asimilatzen, zerbait genetikoa omen da, eta behin edaten hasita, norabidea galdu duten suziriak bezala, iparra galtzen dute. Bakar batzuk oso oldarkorrak jartzen dira, eta beldurgarriak dira zinez, euren begiradetan bere onetik aterata daudela antzematen baita, eta edozein momentutan eztanda egin dezaketela aurreikusi baitaiteke. Ez ginela ausartu, laburbilduz.


'Esto vale un potosí' esaten zion amonak amari, esaten zidan amak niri, esaten dizut nik zuri zerbait oso garestia dela adierazteko orduan. Mexikoko San Luis Potosín ibilia nintzen, huichol eta tarahumaren peyotearen basamortuan. Han esan zidaten benetazko Potosia, esaldiari izena eta izana eman diona, Bolivian zegoela, inoiz Pascual de Andagoya arabarrak Alto Peru izendatu zuen lur eremu horren baitan.

Link: Pascual de Andagoya, testua, gaztelaniaz

Ostera, esaldiaren esanahia gaurko errealitatearen irudikapenarekin moldatu beharko balitz, guztiz kontrakoa adieraziko genuke. Esto vale un potosí, oso gutxi balio duela esan nahiko luke.


XVIgarren mendetik ustiatu dute Cerro Rico mendia, tai gabe, eta hiriak Espainiako koloniaren garaiko luxuaren distira guztia galdu du, definitiboki. Potosi, egun, Amerikako hiririk pobreenetarikoa da, eta Cerro Rico-ko meatoki ospetsua, kolonia aberastu zuen meatokia, eta zilarraren ustiaketaren lehian vicuña eta euskaldunen arteko liskarren lekuko izan zena, gruyere gazta handi bat besterik ez da. Cerro Rico mendia pott eginda dago, eta  zulaturiko hesteetatik azken meatzariek zink eta eztainuzko azken arrastoak garbitzen dituzte. Cerro Ricoko sabelak haizemin ikaragarria dauka, borborka dihardu. Ni hemendikan nabilen bitartean puzkerrik ez botatzea espero dut.