GKE-ONG

Cochabamba ez da inondik inora espero genuen hiri kosmopolita. Gaur iluntzerakoan Chaparera abiatuko gara, Evo Moralesen sorterrira. Ostatuan nago. Ondoan Esperanza Romero izeneko emakume bat jesarri da. 60 urte ditu, baina nik zaharkituagoa ikusten dut. Potosin bizi da, eta Cochabamban glaucomaren aurkako tratamendua jasotzen ari da. Bere tragediaren berri eman dit, eta Hirugarren Munduan nagoela gogora ekarri dit:

-Nik ez nuen nahi, benetan. Irakurtzeko orduan esfortsu txikiren bat egin behar nuen, baina nire begiekin ongi moldatzen nintzen. Irakurle porrokatua izan naiz beti. Badakizu, zahartzerakoan denok bista apur bat galtzen dugula, begiak nekatzen zaizkigula, baina hori guztiz normala da.
Benetan, nik ez nuen nahi, baina nire ahizpak komentzitu ninduen. Herrira Estatu Batuetako Gobernuz Kanpoko Erakunde bat iritsi zen. Behar zuenari dohainik betaurrekoak ematen zizkietela zioen berria zabaldu zen herritik. Ahizpak komentzitu ninduen, ez nuen deus galtzeko. Madarikatua kontsulta horretara joan nintzeneko eguna!
Mediku gringoak begiak aztertu eta produktu baten bi tanta bota zizkidan begi bakoitzean. Hor hasi zen nire sufrikarioa! Begiak lainotu egin zitzaizkidan eta egundoko burukominak sentitzen hasi nintzen. Burua lehertzear nuen!
Egunak pasa ahala, gehiago ezin agoantatu, alabak begiak kamomilarekin igurtzeko esan zidan, eta kamomilarekin, hara non, burukominak desagertu ziren. Baina, ba al dakizu? Hemendik aurrera ez dut bista apurrik berreskuratuko. Glaucomak beti okerrera egiten du. Hemengo medikuak esan dit...

Ezin sinetsi nabil. Ondoren kontatu didana are txundituagoa utzi nau. Emakumearen begietatik ezintasunak eragindako malkoak isuri dira. Esperanzak ez du epaitegietara jotzeko aski dirurik. Enpresa boteretsuren batek 'Aqua Cortisona' izeneko medikamentu berria emakumearekin probatu egin du. Esperanza, doaneko betaurrekoen goxokiarekin, tranpan erori zen, eta produktu berriaren ondorioak erruz nozitu ditu:

-Mediku gringoarengana joan nintzen berriz. Bere erruagatik bista lainotuta neukala leporatu nion, eta arren, berari zegokiola nire begiak sendatzea. Gringoak burutik gaizki nengoela erantzun zidan, berak kasu honetan ez zuela inolako erantzunkizunik.
Nire begietan bota zituen tanten izena esateko eskatu nion, beste mediku batengana joan behar nuenez, izena bederen jakin beharko nukeela. Asko diskutitu eta gero, izena eman zidan: Aqua Cortisona.
Hala bada, Cochabambara joan nintzen. Dena hipotekatu behar izan dut. Alokatuta bizi naiz, nire alabarekin, eta bankuak segika ditugu. Ez dugu ezer...
Cochabambako medikuak Aqua Cortisona delako horrek glaucoma sortu zidala esan zidan, begietan bota zidaten bigarren tantak eragin zuela nire gaitza.
Orain ezin dut irakurri , ezin dut telebista ikusi. Medikuak debekatu egin dit. Kamomilak efektu miragarriak izan ditu nire oinazea baretze aldera. Ez dut ikusten, baina buruko mina behinik behin desagertu egin da.

Esperanzak ikusmena betikoz galdu du. 'Diositoren beste proba bat' dela erantsi dit. Agurtu egin dut.

Link: Farmazeutikak eta Hirugarren Mundua, artikulua, gaztelaniaz.