TOPAKETA BERRIA


Ostatuan Huevo eta Iratxe agertu dira, Kikeren lagunak, Bilboko Ezkerraldekoak, arrunt atseginak. Ezaguna egiten zait Huevoren aurpegia, eta ez bere arraultz moldeagatik, baizik eta, ez dakit, aurretik ere ikusi dudala iruditzen baitzait. Berari ere antzera gertatu zaio. Solasean hasi eta, tas, Chiapasen elkarrekin izan ginela gogoratu dugu. Bai, ni Morelia izeneko herri ttipi batetik jeitsi berria nintzen eta huevok beste talde batekin Moreliara igo behar zuen. Guztiak bizkaitarrak ziren, zapatisten borrokarekin konprometituak. Moreliaren egoera latzaren berri eman nien. Bai beldurra Morelian pasatu nuena, inoiz bizi dudan egoerarik larriena. Baina hoiek kontu zaharrak dira: Morelia bitan zatituta zegok, tentsio gorrian, Altamiranon soldaduak metatzen ari dituk. Utikan atzerritarrak! Alde hemendikan! Ez dute lekukorik nahi, triskantza, tragedia. Herri bat belaunikatuta, zeruari begira. Debekatu nahi zaiek urdinaren diztira, gauaren ilargi zurbila, izarren keinuak, eguzkiaren kilikak.
Aitzakia behar zuten, bakarra, garbia. Morelia bitan zatituta zagok. Zatiketa goxoa, aitzakia..

Link: Morelia, Chiapas, bideoa.



Kasualitate polita. Topaketak festa merezi du. Potosi at night. Marianok dagoeneko martxa-gune guztiak ezagutzen ditu, aurreko gauean Mikelekin atera baitzen. Ez dago asko aukeratzeko. Karaoke batetara joan gara. Aretoa zabal-zabala da eta bikoteak mahaien inguruan eserita daude, argizariek moldatutako giroan. Altxatu gabe abesten dute. Gu mostradorean gabiltza. Mozkortzen ari gara. 3000 metroko altuerak zerikusirik badu honetan. La hostia. Laranja vodkarekin edaten ari gara, edo horrelako zeozer. Bi edari aukeran ditugu, garagardoaz aparte: laranja zeozerrekin eta kokakola zeozerrekin. Zorabioa erabatekoa da. Marianok etsi egin behar izan du, sabela lehertzeko zorian dauka.

Guk jarraitzeko gogoak baditugu. Huevok karaokeko arduradunari hurrengo kanta Jesus Gil y Gilen omenez jartzeko eskatu dio. Gaur jakin ahal izan dugu Atletico de Madrileko presidentea hil egin dela. Alde egitera goazenean, mikrofonotik, disk-jokeyak Jesus Gil y Gil berria, Huevo, agurtu egin du. Jendea txaloka hasi zaigu. Parrez ari gara.

Cumbia garito batetan finitu zaigu gaua, potositarren artean. Ordubiak aldera konortea galdu dut. Ostatuan altxatu naiz, goizean, buruko minak nire garuna estutzen duela. Eskuak buruan jarri ditut eta begiak itxi ditut. Garunak protesta egiten dit mugitzen naizen aldiro, burezurrarekin talka egiten du-eta. Laranja zukua behar dut, C bitaminak.


Potositik 30 bat kilometrora Tarapayako termak daude. Guk mapa batetan ikusi ditugu, eta bertara egunpasa joatea erabaki dugu. Txirrindularien lasterketa igaro arte luze itxaron eta gero, autobusa hartu eta termetara joan gara. Gu gara autobuseko atzerritar bakarrak. Txoferraren ondoan, plastikozko pintura ontzi batetan eserita, emakume potolo bat doa. Beronek zin egin digu bueltakoan autobusak bozina sakatuko duela, guri abisu emateko. Termak hutsik daude eta igeritoki epelean eman dugu eguna. Nik uretara behin eta berriz jauzi egin dut, lagunen artean bonba estiloan maisu naizela erakusteko.


Emakume potoloak ez du bere hitza bete. Autobusa galtzekotan izan gara. Iratxeren sprintari esker sartu gara autobusean.

-Baina ez diguzu esan bozina sakatuko zenuela?


-Bai, baina autobusa bete egin da.


-Bai, eta?


-Ba hori, bete egin dela.

Termetatik erlaxatuta itzultzen gara, eta ez dugu gehiago diskutitzeko gogorik. Boliviarrek beste irizpide kulturalak dituzte. Guk ez ditugu ulertzen, baina bidean zenbat eta aurrerago egin, inkonszienteki, are eta normalagoak egiten zaizkigu halako jokabideak.