TEMPO BERRIAK

Cerro San Javierrera joan naiz, autobusez. Hiritik gertu dago eta erreserba naturala da, gizakiak oraingoz suntsitu ez duen baso berdea. Tucuman hiriko lautada nahiko lehorra da, eta San Javier ohian tropikala da, 1200 metroko altueran kokatua.
Lau orduz ibili naiz gora ta behera, tximeleta koloredunak eta txori urduriak ikusten. Bueltako autobusa hartzeko Yerbabuena auzora jeitsi naiz, mendiaren magalean dagoen auzora. Zinpeko goarda mordoa dago, eta etxeak hesiekin inguratuta daude; hemen, Tucumaneko burgesia bizi da, azaldu dit autobuseko gidari bibotedunak. Iruñeko senegaldar batek Zagit tabernan esandakoa gogoratu dut:

-Gu gosez hilko gara, baina pobreziak euren ateetara joko du. Gu ez gara seguru bizi, baina beraiek ezta ere. Pobrezia dagoen bitartean, bidegabekeriak handitzen diren bitartean, ezingo dira seguru bizi. Euren urrezko gazteluetan preso biziko dira, eta ezin izango dute euren askatasuna diruarekin erosi.


Link: Yerbabuena auzoa, Tucumán

Link: Villas Miseria, Hernan Zinen dokumentalaren trailerra

Hiri bakoitzak bere erritmoa dauka, eta Tucumanek badu berea, noski. Korbatadunak eta ezpainak gorri minez margotuta dituzten emakumeak espaloietan korrika antzean dabiltza, gizakien itxurako trenak bailiran, txiroen itzalak bi aldeetara izoztuta gelditzen zaizkielarik. Egunen errutinak irensten ditu irudi mingarriak, egunen joandaetorri frenetikoak errealitatearen alderik mingotsena ezabatzeko gaitasuna dauka.

Ni oraindik ez naiz ohitu errutina honetara, eta Tucumanen ezer berezirik egin behar ez duen turista baten begiak ditut, bere herrian halako pobrezia ikurrak ikusi ez dituen turista baten begiak: gainean haur paraplejikoa daraman emakumea, ogia eskatuz hurbiltzen zaizkidan haurrak, txapelarekin euliak ehizatzen ari dela dirudien atso eroa...

Tucumaneko 9 de julio parkean nabil, fakultatetik ateratzen ari diren unibertsitarien artean. Eserita nago, zuhaitz handi baten itzalpean, bero hezetik ihesi. Urrutira, izozki saltzaile bat hurbiltzen ari zaidala ikusi dut. Nahiko txirrindula arraroa dakar. Atzeko gurpila aurrekoa baino bi bider handiagoa da. Ondoan eseri, eta Jose Luna deitzen dela esan dit, eta ez duela ezer saltzeko asmorik, eta hitzegin besterik ez duela egin nahi. Hortzak ustelduta ditu, eta txirrindularen simetria eza bere hortzetan isladatzen da baita ere.

Segituan harrapatu du ni bertakoa ez nintzela. Fededuna dela aitortu egin dit, eta diruarekin ez duela inolako atxikimendurik. Arropak urratuta ditu, eta Bibliatik ateratako pasarteak aipatzen ditu eten gabe. Nik deus esan gabe, Tucumanen galduta dabilen gaztea naizela ondorioztatu du, bere herrira itzultzeko diru aski ez duen gaztea naizela alegia. Jaungoikoaren legea ezezaguna dela esan dit, ni kontsolatu asmoz, eta egunen batetan nik neuk ere familia berriz ikusteko aukera izan dezakedala. Fedea eukitzea da inportanteena. Txirrindula hartu, eta ea beste egunen batetan elkarrekin solasteko aukera badugun opa eginez agurtu nau. Txapela erantsi eta eskua luzatu egin dit.