ARIELEN QUILOMBOA

Arielekin elkartu naiz azkenik. Lo zegoen ni Tunuyanera iristerako, eta salto batez altxatu da ohetik. Besarkada luzea eman diogu elkarri eta bere etxeko lorategira joan gara, Ros zakur puskak bisitari berriaren arropak gogotsu usaintzen dituela. Euri finak gure aurpegiak bustitzen ditu, eta garagardo botilek, gure eztarriak.


Oaxakan, Mexikon ezagutu nuelarik Ariel Guadalupe ostatuaren patioan eserita zegoen, Herman Hesseren 'El Lobo estepario' liburua irakurtzen. Oso pertsona argia iruditu zitzaidan, eta parregarria. Intelektualaren itxurak emakumeen arreta bereganatzeko egiten zituen, halaxe aitortu zidan.
Orain, rock musika talde batetan dabil kantari, eta artista gehienek lez bere burmuinak nahikoa molde berezia dauka.


Bere bizitza 'quilombo' bat zela aurreratu zidan telefonoz Iruñera deitu zuenean. Quilombo hitza Brasilgo auzo beltzak adierazteko sortu zen, eta nahaste-borrastearen pareko erabiltzen da Argentinan. Arielekin luze solastu naiz eta, egiazki, bere bizitza nahaste-borrastea dela ezin ukatu, kristoren quilomboa. Pasa den hilabetean nobiaren etxetik zetorrela, goizeko ordubitan, atzeko argirik gabeko polizia kotxe baten kontra talka egin zuen. Kolpearen ondorioz kotxea desbideratu, eta aurkako norabidean zetorren beste kotxe batek poliziena jo zuen bete-betean. Polizia bat hil, eta bestea elbarrituta gelditu zen.


Andeetara joan naiz gaur Arielekin, Inkaren zubia ikusi nahi genuen, naturak mendez mende zizelkaturiko ur termalak, urre kolorekoak, inoiz bere barruan hotel bat izan zuen harrizko eraikina.


Atzo parranda ederra egin genuen, gau mugitua izan zen, eta gaupasaz hartu dugu furgoneta.


Gure ondoan Argentinako bi emakume judutar doaz, aurrean jatorri kroaziarreko neskatxa argentinarra, arras polita, eta bere senarra, eskubitara Buenos Aireseko umetxo bat eta honen guraso gazteak, eta lehenengo eserlekuetan beste bi bikote, jubilatuez osatuak.


Arielek, etxetik, maindirea ekarri du autobusan lo kuluska botatzeko. Lotsa apur bat sentitu dut autobusean. Gure ahoari alkohol kiratsa dario, eta agerikoa da oraindik orain mozkortuta gaudela.


Emakume judutarren artean bat oso polita da, pekosoa, beltzarana... matea eta guzti eskaini digu. Bestea ez da hain polita, beno, nahiko itsusia da, baina, begiratu batera, atsegina dirudi, segituan hasi baita gurekin barra barra. Bi musu eman dizkigute, eta Ariel eta biok animatuz joan gara.


Txoferrak, bidaia alaiagoa egitearren, antzekotasunen jokua antolatu du. Hau da, mendia ikusi eta zeren itxura hartzen diogun galdetuz aritu da. Ariel jokua boikoteatzen ahalegindu da, maindirearen anonimotasunean, mendiak hipopotamo baten itxura edota dinosaurio batena daukala esanez. Ez ba! Mendiak etzanda dagoen emakume baten moldea daukala argitu digu txoferrak, eta furgonetako bidaiariek aaahhh! erantzun dugu. Arielek nabarmen esajeratu du harridura keinua, eta aaah! luzeagoa bota du.


Gisa honetara dibertitu gara. Noizean behin furgoneta gelditu eta jeitsi egin gara. Hemendik Akonkagua mendia ikus daiteke; honakoa andinistaren hilerria da; hantxe Txilek eta Argentinak muga egiten dute; Kristo Askatzailearen monumentu handi horren erdia Txileri dagokio, eta beste erdia Argentinari; eta geruza tektonikoak, eta San Martin askatzailearen ibilerak, eta mahasti motak.


Bidean aurrera egiten ari gara, eta bidaikide judutarrak geroz eta nekagarriagoak suertatzen ari zaizkigu. Fundamentorik gabe hitz egiten dute, eta ozenki, bidaiariok depresiorako ze pilulak hartzen dituzten, batak besteari hiru peso zor dizkiola, edota Mendozan edan duten ardoaren marka ezagutu dezagun. Arielen eta bion hasierako erakargarritasuna gorroto bilakatu da. Jasanezinak dira. Jubilatuak antzekotasunen jokoan gogo onez aritzen badira ere, horretaz aparte ez dute apenas hitzegiten, eta kroaziarraren senarrak, ganorarik gabe, Euskalherriari buruzko galderak egiten dizkit, kunplitzeko, erantzuna jakin nahi izan gabe. Panorama ederra. 9 ordu eman ditugu koadrila honekin. Ditxosozko bidai antolatuak. Lehenengoa eta azkena. Ohea behar dugu Arielek eta biok. Atsedena.


Kristo Askatzailearen monumentoaren ondoan eserita nagoela, gauza bitxia gertatu zait. Haur ttiki bat eseri zait ondoan eta hizkuntza arraro batetan zuzendu zait. Gurasoak iritsi direnean argazki bat atera digute. Klase altuko porteñoak dira, eta semea nirekin hizketan ikusi izanak txundituta utzi ditu, gurasoekin eta amonarekin izan ezik, ez omen baitu beste inorekin hitzegiten. Hori esanda, noski, pozarren itzuli naiz Mendozara, aje positiboarekin.