RECOLETAS HILERRIA

Lau zakur ditu, eta poltsa erraldoia, eta arto poltsatxo bat. Tontoak. Ergelak. Ordu luzeak ematen ditu Lezama parkean, Buenos Airesen, eliza ortodoxoaren aurrekaldean, uso, kotorra eta txolarrei begira, elikatzen, hitzegiten, txori hoiei. Eta lau zakurrak bankuetan etzanda ditu. Lo. Eta tontoak, ergelak, fu fu, txistu egiten die. Eta parrez dago Lezamako tontoa. Gainera.


Recoletaseko hilerrirat egin dut gaur. Bero hezea dago, haize suabea. Argentinako banderen urdina zeruarekin jolasten ari da, lizunkeriaz.


Buenos Aires monumentuz josita dago, eta Recoletaseko hilerria hiriko urrezko garaietako erakusle gardena da. Recoletasen Eva Peronen familiaren panteoia bisitatu dut, Ugarte familiarena. Alboko gida bati entzun diodanez, Evitaren gorpua Italian edo beste nonbaiten lurperatua dago, baina tira, Recoletasen izan naizenez Evitaren mausoleora joan beharra nuen.


(Katuak, Euskalherrikoak baino handixeagoak, hatzapar potoleko katuak, hilobien artean dabiltza, tipi tapa, funtzionariek gunea ura eta xaboiarekin turismorako atontzen duten bitartean).


Recoletasen nire begiek Buenos Aireseko burgesiaren argazkia eta Argentinak bizi izan dituen azken gatazka militarrena atera dute. Hilarrietan zizelkaturiko urre edo zilar koloreko abizenek erakusten dutenez, hilobiratuen artean asko euskal jatorrikoak ziren, hala Hegoaldekoak nola Iparraldekoak. Belarria luzatuta jarraitzen dut. Gidak oso gauza interesgarriak esaten ditu, gida aparta da. Halaxe jakin ahal izan dut Carlos Gardel tango abeslariak Chacaritaseko hilerrian hartu zuela lurra, buenosairestar arrunten hilerri erraldoian. Gidak Borgesen olerki bat irakurri eta banatu du turisten artean:



Convencidos de caducidad
por tantas nobles certidumbres del polvo,
nos demoramos y bajamos la voz
entre las lentas filas de panteones,
cuya retórica de sombra y de mármol
promete o prefigura la deseable
dignidad de haber muerto

(...)



Paseo ederra eman dugu Juan peruarra, Ignacio kanariarra eta hirurok. Juan pozez zoratzen ibili da, bidean hainbeste katu ikusita. Gauez, errondatxoa egiten du San Telmoko zoko-mokoetan barrena. Katuei jana banatzen die begirada arraroko irakasle jubilatuak.

Ignacio kanariarra, berriz, Madrilgo atentatuak zirela-eta PPren kudeaketaren aldeko defentsa sutsua egiten ari zela ezagutu nuen ostatuan. Nik egin nizkion ohar mingotsen ostean haserretu ez zenez, adiskidetu ginen. Ignacio Jorge Luis Borgesi buruzko tesia prestatzen ari da Danimarkan, eta Buenos Airesera etorri da tesiari akabera ematearen kariaz. Egiazki, tesiarena guztiz alboratua dauka eta bidaiaz gozatzen ari da. Tipo jatorra da, parregarria.



Hiru orduz ibili gara han hemenka, bazkaltzeko ordua noiz iritsi zain. San Telmoko Manolo jatetxean baretu dugu tripetan kurrinka ari zaigun tigrearen haserrea. Taberna futbol taldeko posterrekin apainduta dago eta nahiko merkea da. Papa pastela, patataz eginiko lasaña moduko bat jan dut, ondoan, jubilatu talde batek Tevez, Boca Juniorseko aurrelaria, hizketagai duela.

Link: Manolo jatetxea, Buenos Aires, webgunea.

Nekatuta nagoelarik gorputzak koka-kola eskatzen dit, koka-kolaren letra eta ikur zurigorriak itsasten zaizkit zelula grisetan, eztarria halabeharrez freskatu behar dudan aldiro. Manolon koka-kola edaten nagoelarik etorri zait zalantza burura. Koka-kolaren marketinagatik izango ote? Letra zurietan ageri diren ur burbuilengatik? Iragarkiengatik? Zergatik aukeratzen dut koka-kola egarri nagoelarik?

Litro erdia edan dut, hiru zurrupadetan. Korrokada bota dut. Peruarrak jaten duenean ateratzen duen zaratarekin arras ongi sintonizatu du.